MARTXOAREN 21A, ARRAZAGATIKO DISKRIMINAZIOA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA


2015eko martxoaren 21a


Vitoria-Gasteiz

Egun honetan, xenofobiarik eta intolerantziarik gabeko gizarte zuzenago eta berdinago baten alde egiteko konpromisoa berritu du Arartekoak. Aurten Nazio Batuek honako goiburu hau proposatu dute: "Historiako tragedietatik ikastea, arrazagatik orain dagoen diskriminazioaren kontra borrokatzeko".

Bi helburu ditu: bata, arrazakeriaren eta diskriminazioaren sorburu sakonak aztertzea, eta, bestea, iraganeko irakaspenetatik ikasi behar dela nabarmentzea. Horregatik, aukera ona da zenbait gauza gogora ekartzeko: arrazagatiko gorrotoak izugarrikeriara eraman zituela gizarteak; etnia-talde jakin batzuek sufrimendu bizia pairatzen dutela; oso arriskutsuak direla askatasuna eta gizarte-ongizatea suntsitzen dituzten diskurtso laidoztagarriak, baita ere gizon-emakumeenganako konfiantzan eta giza eskubide unibertsalak errespetatzean oinarritzen ez diren proposamenak.

Helburu horiek lortzeko, azpimarratzen da oso garrantzitsua dela azterketa zorrotzak egitea desberdintasunaren eta gizarte-estratifikazioaren zergatiez, migrazio-mugimenduez eta globalizazioaz, azterketa horiei esker ganorazko analisiak eta politika inklusiboak egin ahal izan daitezen.

Diskriminazioa desagerrarazteak zerikusia du berdintasunaren alde borrokatzearekin eta berdintasun hori benetakoa eta eragingarria bihurtuko duten botere publikoen jarduerekin. Horretan lagundu nahi bada, pertsona guztiek politika-, ekonomia-, kultura- eta gizarte-bizitzan parte har dezaten erraztu behar da, eta giza eskubideetan oinarritutako kultura ahalbidetu behar da.

Orobat, egun honek gogorarazten digu erantzukizun kolektiboa dugula Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala sustatu eta babesteko, eta uste sendo hau berriz adierazteko bide ematen digu: gizon-emakume guztiak libre jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberekin. Printzipio horretan oinarritzen da erakunde honen lana.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 21a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad