ARARTEKOAREN ERAKUNDE ADIERAZPENA, HAURREN NAZIOARTEKO EGUNEAN


2017ko azaroaren 20a

Neska-mutilak, batez ere, GAUR EGUNGO herritarrak dira, oraina bizitzeko eta gizarte honetan erabat parte hartzeko eskubidea duten pertsona osoak.


Vitoria-Gasteiz

Bihar, azaroak 20, lorpen garrantzitsu bat ospatuko dugu berriro: 1989an, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena sinatu zen, Nazio Batuen Batzarraren osoko bilkuran. Gehien berretsi den nazioarteko hitzarmena da eta, horren bidez, sinatu duten estatu kideek hitzeman dute lanean arituko direla haur eta nerabeen eskubideak bermatzeko.

Hori dela eta, bat baino gehiagori entzungo diogu: "gure neska-mutilen eskubideak? Pribilegiatuak dira-eta, beren eskubideak onartzen dituzte, bai, baina erabat ahazten dituzte beren betebeharrak!". Horrela, eztabaidarako zabaltzen da gai garrantzitsu eta eztabaidatu bat. Hala ere, lerro labur hauetan, soil-soilik esango dugu haurrek ez dutela talde homogeneoa osatzen, ezin zaizkiela jarri orokortzeko etiketak, guztientzako baliagarriak.

Ez dago haur-multzo bakarra; askotariko haurrak daude eta haurtzaroa bizitzeko modu asko: batzuek zailtasun material ugari dituzte; beste batzuek, hutsune emozionalak; beste hainbat kontsumo-gizartearen eragin handiegiaren pean daude, beste batzuk¿

Bestalde, komeni da gogoraraztea betebeharrak eskubideen ifrentzua baino ez direla, eskubideak beti dakarrela berekin erantzukizuna.

Esanak esan, bada egoera bat non, guztiak ez badira ere, haur eta nerabe gehientsuenak agian islatuta sentituko diren: etorkizuneko gizon-emakumeak bailiren ikusi, aintzat hartu eta tratatzen dituztela, eraikitzen ari diren proiektuak balira bezala, helduok -hobeto edo okerrago aurrera ateratzen ditugunak, baina beraiei ezer galdetu gabe. Den-dena gure neska-mutilentzat, baina gehiegitan beraiek gabe.

Haurren Nazioarteko Egun honetan, Arartekoak gogorarazi nahi du neska-mutilak, batez ere, GAUR EGUNGO herritarrak direla, oraina bizitzeko eta gizarte honetan erabat parte hartzeko eskubidea duten pertsona osoak. Modu bakarra dago bizikidetzarako komunitate zuzen eta elkartasunezkoa eraikitzeko: Euskadi deitzen dugun lurralde honen historia orain partekatzen ari garen GUZTION balioa aintzat hartzea. Gure esku dago hori lortzea.


Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 19a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad