BALIA AL DAITEKE INTERNETEN AHAZTUA IZATEKO ESKUBIDEA?



BERRIA, DIARIO DE NOTICIAS DE GIPUZKOA, DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA, ELDIARIO.ES


Guk denok, nahita edo oharkabean, informazio kopuru izugarriak zabaldu eta argitaratzen ditugu, segundo oro, Internet bidez edo sarean erabilgarri dauden gizarte-sare, hodei edo anitz zerbitzuren bitartez. Sare horrek gordetzeko ahalmen handia du eta informazioa indexatzea errazten du bilatzaileen bidez, horiei esker oso erraz aurki baitaiteke edozein datu. Horrela, elkarri konektatutako mundu bat sortzen da eta guztiok ateratzen diogu onura, izan ere, informazio asko lor daiteke, baita pertsona baten profil zehatza ere, Interneten haren izena idatzi hutsarekin. Horren ondorioz, norberaren biografia edo curriculuma dagoeneko ez da norberak idazten duena, baizik eta Interneten norberaz esaten dena.

Microsoftek berriki egindako azterlan batean zehazten da giza baliabideen profesionaletatik %75ek Interneten bilatzen dituztela lanpostu baterako izangaien datuak. Gainera, hainbat ikerlanetan adierazten denez, adin txikikoen artean %25ek gizarte-sareetan irekita dauzkate beren profilak, eta horietatik %25 argitaratu dutenaz damu dira. Beraz, kontu honek herritar guztiei sortzen die kezka, hainbesterainokoa non Interneten gero eta ugariagoak baitira egiazkoak ez diren identitate digitalak. Inork ez du zalantza egiten bermatuta izan beharko genukeela gure datu pertsonalak nork dituen, nola lortu dituen, noizdanik dauzkan eta nola kontrola ditzakegun jakiteko eskubidea.

Gure legeriak -mundu analogikoaren garaian idatzitakoak ohorea, intimitatea eta irudia babesten ditu (justizia auzitegien bitartez), datu pertsonalak ere bai (alde batetik, ARCO eskubideak deritzenen bitartez: datuetan sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak; eta, bestetik, datuak babesteko agentzien eta Arartekoa bezalako herriaren defendatzaileen bitartez). Baina, egia esan, eskubide horiek ez daude behar bezala babestuta, edo "gerora" ezarritako erremedioak dira, bilatzaileek informazioa indexatu ondorengoak. Mundu analogikoan, eskubide horien erabilera modu egokian konponduta dago, baina mundu digitalean konpontzetik urrun dago oraindik. Espainiako legerian badago, aipatzen ez bada ere, huts egiteko eta zuzentzeko eskubidea; horren froga argia da aurrekari penalak ezereztatzea epe jakin bat igarotakoan, edo datu pertsonalak ezabatzea ebazpen digital guztietako testuetan. Mundu digitalean ez da hala gertatzen. Horrexegatik ari da sortzen eskubide berri bat, on line eremuari ezarritakoa: Interneten ahaztua izateko eskubidea.

Adierazteko edo informatzeko askatasuna hain sendo eratuta dagoenez gero, gizabanakoaren eskubideen eta interes orokorrerako eskubide horren artean gatazka sortzen baldin bada, lehenbizikoa ahultzen da. Hori gogoan izan behar dugu. Orduan, aurrera egiten ari diren hainbat iritzik eta epaile-erabakik diotenez, konponbidea lortzeko, bi eskubide horiek elkarrekin existitu behar dute, hau da, informatzeko askatasuna bermatu behar da, baina informazio horiek egiazkoak, neurrizkoak, ezin indexatuzkoak eta iraunaldi jakinekoak izatearen zamari eutsiz. Edonola ere, hedabideak eta argitaratutako informazioak gauza bat dira, eta blogak, gizarte-sareak edo egunkari digitaletako iruzkinak beste bat. Horiei buruz, berehalako konponbidea aurkitu beharko litzateke baimena ukatzen denean, datuak jada beharrezkoak ez direnean, interesduna kontra agertzen denean edo araudia betetzen ari ez denean. Arazo hori konpondu nahi bada, datuak babesteari buruzko Europar Batasunaren Araudia onartu behar da, behin eta berriz atzeratu baita, lobbien presioagatik neurri handi batean. Araudi horretan jasota dago ahaztua izateko eskubidea.

Bien bitartean, 2013an, EBko Auzitegiko abokatu nagusiak bere iritzia eman du Espainia -zehazki, Datuak Babesteko Agentzia eta Google informatika-erraldoi estatubatuarra aurrez aurre jarri dituen kasuaz. Irizpenaren arabera, Interneteko bilatzaile horrek ez dauka zertan edukiak ezabatu gizabanako batek hala eskatuta, eta gizabanako horrek ezin du zuzenean bilatzaileetara jo datuak ezerezta daitezen eskatzera edo beste batzuen web orrietan berari buruz argitaratutako informazioa indexa dadin eragoztera (Google-ek edo beste bilatzaile batzuek egina), horren erantzulea jatorrizko web orriaren argitaratzailea delako. Aditu batzuek "bilatzailearen zigorra" deitzen hasi diren hori ezarriko die pertsona askori irizpen horrek, baldin eta EBko Auzitegiak berresten badu.

Arartekoaren 2013ko maiatzaren 23ko ebazpenean azaldu genuenez Deustuko Unibertsitatearekin zerikusia zuten argazki eta bideo intimo batzuk baimenik gabe hedatu zituztela eta , honako hau izango litzateke beste konponbide bat, gauzatu daitekeena eta batik bat prebentziozkoa: administrazioek zenbait ekimen bultzatzea IKTak arduraz eta seguru erabil daitezen, prebentzioa sustatuz, heldutasun digitala lortzeko heziz eta jarduera arriskutsuak ekidinez. Horrelako ekimenak baliatu dituzte Euskadin aldizkari ofizialetako arduradunek edo erakundeen web batzuek, argitaratzen diren iragarkietako datuak kanpoan indexatzea eragozten baitute. Jarduera egokiak dira horiek.

Ararteko erakundearen ustez, oreka aurkitu behar da berrikuntzak nahiz gizarte-sareek duten ahalmen izugarriaren eta pertsonen eskubideak bermatzearen artean. Horretarako, funtsezkoak dira informazioa, gardentasuna eta ezagutza eraginkorra. Labur esanda, heldutasun digitala, denek erabili ahal izan dezaten gailu mugikorren, Interneten eta gizarte webaren ahalmena, baina arriskuan jarri gabe beren pribatutasuna, intimitatea eta irudia. Horrela egingo dugu aurrera egiazko komunitate digitala eraikitzen, denok batera. Gainera, komunitate horrek "etika digitala" deritzana beteko du.


Iñigo Lamarca Iturbe
Arartekoa

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad