BILBOKO UDALAK AINTZAT HARTU DITU ASTE NAGUSIAN TXOSNAK JARTZEARI BURUZKO BALDINTZEN PLEGUAREN INGURUAN ARARTEKOAK EGIN DIZKION GOMENDIOAK



Vitoria-Gasteiz

Elkarte batek kexa egin zion Arartekoari, ez baitzegoen ados Bilboko Udalaren erabaki batekin. Erabaki haren bidez, irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakunde batzuei baimena ematen zitzaien 2018ko Aste Nagusian txosnak jartzeko.

Haren esanean, eskaera epe barruan eta baldintzen agirian zehaztutako betekizunak betez egin bazuen ere, ez zuen baimenik lortu.

Elkartearen iritziz, eskaera ez zen egin jai-esparruko toki jakin baterako, baizik eta jai-esparru guztirako, nahiz eta adierazi zuen nahiago zuela Berastegiko gunea. Horregatik, udalak oker uste du eskaera gune horretarako soilik egin zela.

Era berean, elkartearen ustez, ez zen idatziz argi adierazi nola baloratuko ziren baldintzen agirian ezarritako lehentasun-irizpideak, eta udalak ez zituen kontuan hartu beste alderdi batzuk, esaterako, elkarte horrek aurreko urteetan izan zuen eskarmentua.

Azken batean, elkarte kexagilearen aburuz, ez zen zuzen jokatu elkartea esparru publikoaren esleipenetik kanpo utzi zutenean, eta legez kontrako prozedura erabili zen.

Bilboko Udalari informazioa eskatu eta aztertu ondoren, Arartekoak uste zuen baldintza-agiriko edukiaren interpretaziorik egokiena elkarte horrek egindakoa zela.

Horregatik, udalari hauxe gomendatu zion: eremu publikoa txosnekin betetzeko horrelako deialdiak egiten jarraitzen bazuen, behar bezala justifika zezala irabazi asmorik gabeko elkarteen aldeko lehia askea murrizteko erabakia.

Gainera, eskatu zion zehatz-mehatz arautu zezala esleituko diren tokien banaketa eta, hala badagokio, eskaeran zehaztu beharra dagoela zer toki den nahiago, gainerako tokiei uko eginda.

Bilboko Udalak jakinarazi du deialdi honetan onartutako baldintzen pleguan kontuan izan direla Arartekoak bere ebazpenean egin zituen gomendioak.

Hortaz, eskerrak ematen dizkiogu udalari bere lankidetzagatik, eta amaitutzat jotzen dugu gure jarduna.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 11

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2019R-1765-18 Ebazpena, 2019ko ekainaren 26koa. Horren
bitartez, Bilboko Udalari gomendatu zaio, hala badagokio, berriz azter dezala
irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateei Aste Nagusian txosnak jartzeko
baimena emateko baldintzen plegua. Arartekoaren 2019R-1765-18 Ebazpena, 2019ko ekainaren 26koa. Horren bitartez, Bilboko Udalari gomendatu zaio, hala badagokio, berriz azter dezala irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateei Aste Nagusian txosnak jartzeko baimena emateko baldintzen plegua.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad