ARARTEKOAREN ERAKUNDE ADIERAZPENA EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNEAN


2016KO ABENDUAREN 3a


Vitoria-Gasteiz

Biharkoa ospakizunetarako eguna da euskal herritar guztientzat. Norberak erabiltzen duen hizkuntza dena delarik ere, euskara gure bizkarrezurra da, aberastu egiten gaitu, izaera ematen digu gizaki talde gisa -zorionez- hain gurea dugun aniztasunean. Hain zuzen ere, hala nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzaren soziometroaren azken datuek, euskal gizarteak euskararekiko duen jarrerari eta iritziei dagokienez: gure komunitateko pertsonek elebitasuna balore positibotzat ikusteko joera dute eta elkarbizitzarekin nahiz berdintasunarekin lortzen dute. Adostasuna dago, halaber, euskararen etorkizuna bermatuko duten politiken beharrari dagokionez, izan ere, hizkuntzaren bizirauteak eta bizindarrak harro sentiarazten du euskal herritarren gehiengo zabala, hizkuntza aukera edozein dutelarik ere.

Balio horiek zentzua ematen diote euskara eta gaztelaniaren koofizialtasunari eta etengabe lan egitera behartzen gaituzte: araubidea errespetatzetik harago, herritarrek dagozkien hizkuntza-eskubideak erabat baliatzeko sortu daitezkeen oztopoak identifikatzeko eta gainditzeko. Horregatik, Arartekoak, eskubide horiek bermatzeko erakundea den aldetik, azpimarratu nahi du pertsonaren garapen integralerako eskubidea babesten duten arauak direla, ezberdinen arteko elkarbizitza aberasgarriago, bizigarriago eta gizatiarrago egiteko helburua baitute.

Horren defentsan egindako lanari esker, euskarak azken hiru hamarkadetan aurrera egin duela balora dezakegu. Era berean, lan horri esker ikusi dezakegu, herritarrek gaur egun oraindik zailtasunak dituztela Administrazioarekiko harremanetan bi hizkuntzetakoren bat erabiltzerako orduan. Zailtasun horiek ez dute eskubidea ukatzen, baina jardunaren baldintzak aldatzen dituzte eta maiz, disuasioa eragiten dute; esaterako, bat-batekotasuna galdu daiteke, interprete baten beharragatik edo arreta euskaraz jaso ahal izateko, itxaron beharra zein lekuz aldatu beharra gertatu daiteke, arreta gaztelaniaz eskatuko balitz berehalakoan jasoko litzatekeen bitartean. Gauza bera esan daiteke euskararen ezagutza eta administrazioan duen erabileraren arteko kontrasteari dagokionez. Hala islatu da Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak Eskualde-hizkuntzen edo gutxiengoen hizkuntzen Europako Gutunaren inguruan Espainiako egoerari dagokionez egindako txostenean.

Herri-botereek, egoera hori azaltzeko, esan ohi dute arreta euskaraz jasotzeko eskubidea progresiboki ezarri behar dela eta, ondorioz, praktikan duen erabilera langile elebidunen eskuragarritasunari lotuta dagoela. Izan ere, koofizialtasuna aitortu zenetik denbora igaro bada ere, beti ez da langile elebidunik egoten. Planteamendua arraizkoa izan daiteke, betiere, gauzak aldatzeko helburu argia duten ekintzekin lagunduta badoa, jarduera horrek eskainitako zerbitzua praktikan hobetzen ote duen ebaluatzen bada eta hala izan ezean, hartutako neurriak zuzentzen badira. Bien bitartean, bi hizkuntza ofizialetako bat ez jakitea planifikazioak konpentsatu beharko du, batez ere hutsune gehien dauden alorretan: segurtasunean, justizian edo osasunean kasu. Planifikazio horrek beharrezko diren langile elebidunak jarri beharko ditu zerbitzu eta txanda bakoitzean.

Horretarako egungo bultzadari eutsi eta hori indartu beharra dago, aurrerapena benetakoa izan dadin, eta maila guztietan gauzatu dadin, arduradun politikoetatik hasi eta zerbitzu publikoetako langileak ahaztu gabe, herritarrak ere barne hartuz. Azken hogeita hamar urteetan, zalantzarik gabe, aurrerapenak egin diren arren, baliteke, normalizazio linguistikoa errealitatetik urrun egotea oraindik. Baina, ziurrenik lehenengo aldiz, esan dezakegu euskararen etorkizuna gure esku dagoela. Errealitate bihurtzea guztion erronka eta ardura da.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 2a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad