Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Agentzia

Hileko aldizkaria

Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak hileko aldizkari-sorta baten hirugarrena argitaratu du. Aldizkari horietan aztertzen du Europar Batasunak COVID-19aren kontra hartutako neurriek oinarrizko eskubideetan zer eragin izan duten. Txostena ingelesez bakarrik dago eskuragarri, eta maiatzaren 1etik 31ra bitarteko aldia hartzen du barne. Jarraian, hori laburbiltzen duen prentsa-oharra itzuliko dugu.

COVID-19aren pandemiatik ateratzeko bidean, adinekoen eskubideak betetzea

Adin handiko asko COVID-19aren biktima izan ziren egoitzetan. Beste askok zenbait hilabetetan isolamendua eta murrizketak pairatu zituzten, eta horiek biztanleriaren beste sektore batzuei ezarritakoak baino zorrotzagoak izan ziren sarritan.

"Mundu guztiak eskubide berberak ditu, edozein adin duela ere" nabarmendu du Michael O'Flaherty Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziako zuzendariak. "'Normaltasun berrira' igaro ahala, gobernuek arreta berezia eskaini behar diete adinekoen beharrei, eta tratu bera bermatu behar diete. Orduan bakarrik berreskuratu ahal izango dituzte adinekoek beren bizitzak".

FRAren hirugarren txostenak "Coronavirus pandemic in the EU: fundamental rights implications" du izenburu, alegia, "Koronabirusaren pandemia EBn: oinarrizko eskubideetan dituen ondorioak". Bertan, EBko estatu kideek 2020ko maiatzaren 1etik 31ra bitartean izurriteari aurre egiteko hartu zituzten neurriak aztertu dira. Batez ere neurri horiek adinekoengan izan duten eragina jorratu da.

Nahiz eta gobernuek gure gizarteetako pertsona kalteberenak babestu nahi izan, COVID-19ari buruz hartu diren neurrietako batzuk kezkagarriak dira adinekoen eskubideei begira:

  • Bizitzeko eskubidea: edadetuen hilkortasun-tasa beste adin-talde batzuetakoa baino handiagoa izan da, batik bat zainketa-zentroetan. Horrek agerian jarri du zentro horietako adinekoen kalteberatasuna, eta ikuskapen zorrotz baten beharra.
  • Osasun sistemarako sarbidea: osasun sistemak presio handiaren pean egon zirenean, medikuek erabaki behar izan zuten nor tratatu. EBko herrialde batzuetan, osasun-agintariek orientabideak eman zituzten, adina tratamenduan lehentasuna ezartzeko irizpide gisa erabil zedin.
  • Test falta: probak faltatu ziren egoitzetan bizi zirenentzat eta hango langileentzat. Maiatzaren bukaeran, EBko herrialdeetatik heren batean bakarrik egiten ari ziren testak edo halakoak egiteko asmoa zuten.
  • Murrizketa zorrotzagoak: EBko herrialde ugarik murrizketa zorrotzagoak ezarri zituzten adinekoentzat gainontzeko biztanleentzat baino. Aldi berean, herrialde guztiek neurriak ezarri zituzten adinekoei zerbitzu publikoak eskuratzen edo garraio publikoa erabiltzen laguntzeko. 
  • Isolatzea: gizarte-harremanik ezak eragina izan zuen adintsuen ongizate fisiko eta mentalean. Tokiko ekimen askok adinekoei lagundu zieten egoitzetan.
  • Atzerapena osasun tratamenduetan: herrialde anitzek eten egin zituzten premiazkoak ez ziren tratamenduak, eta horrek eragina izan zuen tratatu beharreko osasun-arazoak dituzten adineko askorengan.

EBko herrialde estatu kideek datu gehiago eta hobeak behar dituzte pandemiak adinekoei ola eragin dien jakiteko eta, etorkizunean, ebidentzian oinarritutako erabakiak hartzeko.

Gure gizarteak martxan jartzen diren bitartean, gobernuek adintsuen beharrei kasu egin beharko liekete, izan ere, haientzat motelagoa eta zailagoa izango da, seguruenik, "normalatasun berrira" igarotzea.

Txosten horretan, pandemiaren kontrako beste gobernu-neurri batzuek oinarrizko eskubideetan izan dituzten ondorioak ere aztertu dira:

  • Larrialdi egoerak
  • Birusari eusteko eta zenbait arlotan duen eragina arintzeko neurriak: bizitza sozialean, hezkuntzan, lanean, justizian eta EB barruko eta EBranzko mugikortasunean.
  • Birusaren eragina beste talde kaltebera batzuetan, hala nola, desgaituak, askatasunik gabeko pertsonak, etxegabeak edo etxeko indarkeriaren biktimak.

FRAk egoera ikertzen jarraituko du eta aldizka informazio eguneratua argitaratuko du, betiere EBko herrialde orotan lortutako datuetan oinarrituta.

Azterlanak herrialdez herrialde

Agentziak EBko Estatu kide bakoitzaren gaineko azterlanak ere eskatu ditu. Espainiari buruzko azterlanak, Migrazioei buruzko Azterlanen Unibertsitate Institutuak egindakoak, ez du nahitaez FRAren iritzi edo jarrera ofiziala islatzen, maiatzaren 31ra arteko informazioa jasotzen du eta ingelesez dago eskuragarri. Jarraian gaztelaniaz laburtuko ditugu horren alderdi nagusietako batzuk:

  • Desgaituek gainerakoek baino diskriminazio-egoera gehiagori aurre egin behar izan zieten, eta pandemiak agerian utzi du oso gutxi ezagutzen eta ezartzen dela Desgaituen Eskubideei buruzko Hitzarmena, eta prestakuntza falta dela larrialdi egoeretan desgaituak artatzeko.
  • Eskura dauden zenbakiek erakusten dute hilkortasunak eragin askoz ere handiagoa izan duela 70 urtetik gorakoen artean, baina datu asko falta dira, batez ere egoitzetako egoerari dagokionez. Ez da aurkitu adina tratamendu medikoan lehentasuna emateko irizpidetzat erabiliko dela dioen jarraibiderik edo gidalerrorik. Beste gaixotasun batzuk tratatzeko izan den atzerapen orokorraz gain, ez da aurkitu adinekoek osasun-zerbitzuak eskuratzea murrizteko jarraibiderik edo gidalerrorik.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad