ARARTEKOAK ETXEBIZITZA SAILARI ESKATU DIO INDARRIK GABE UTZ DEZALA BIZKAIKO LURRALDE ORDEZKARIAREN ERABAKI BAT, GENERO-INDARKERIAREN BIKTIMA BATI ETXEBIDEN IZENA EMATEKO ESKAERA UKATZEN DIONA



Vitoria-Gasteiz

Pertsona batek Arartekoari esku hartzeko eskatu zion, Etxebizitza Sailaren Bizkaiko lurralde ordezkariak "Etxebide" Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emateko bere eskaera bi aldiz ukatu eta gero.

Kexagilea 2013. urtetik dibortziorako izapideak egiten ari zen bere bikote ohiarekin. Etxebiden izena emateko unean, genero-indarkeriaren biktima zela erakusten zuen egiaztagiri bat zeukan, eta indarrean zegoen babes-agindu bat, bere bikote ohiari bien etxebizitzan bizitzea galarazten ziona. Hala ere, bere bikote ohiaren arazo ekonomikoen ondorioz, hark agindu hura urratu eta familiaren etxebizitzan bizitzen jarri zen. Horregatik, eraso berriak saihesteko, emakumeak etxebizitza merkatu librean alokatzea erabaki zuen.

Orduan, kexagileak izapideak hasi zituen DSBE eta EPO onar ziezazkioten, bere udaletxeko oinarrizko gizarte-zerbitzuen laguntzarekin.

Behin familiarena ez zen etxebizitza bat alokatzeko beharra egiaztatuta, bi aldiz egin zuen Etxebiden izena emateko eskaera, baina Etxebizitza Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak eskaera osatzeko galdegin zion, familiaren etxebizitzaren egoerari buruzko agiriak emanez.

Une hartan 2014an sinaturiko hitzarmen arautzailea besterik ez zeukala adierazi zuen, baina hitzarmen hartan ezarritako baldintzak aldatzeko eskaera-idazkia eman zuen. Dena den, epaitegiaren azken erabakiaren zain zegoela jakinarazi zuen.

Azkenik, berriz adierazi zuen ezinezkoa zela familiaren etxebizitzan bizitzea, genero-indarkeriaren biktima zelako eta erasotzailea bertan bizi zelako.

Hala eta guztiz ere, Etxebizitza Sailaren Bizkaiko lurralde ordezkariak ez zituen eskaerak onartu, interesdunak honako baldintza hau bete ez zuelako: eskaera egin aurreko bi urteetan etxebizitzarik ez izatea.

Gainera, erabaki horren ondorioz, Lanbidek 3.800 euro inguru erreklamatu zizkion, izan ere, haren ustez, ez zituen betetzen EPO jasotzeko baldintzak, ez baitzegoen Etxebiden etenik gabe izena emanda.

Arartekoaren iritziz, kexagileak behar bezala egiaztatu zuen (epailearen epaia eta ezarritako babes-neurriak emanez) ezinezkoa zela bere erasotzailearekin etxebizitza berean bizitzea.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatu dio indarrik gabe utz dezala Bizkaiko lurralde ordezkariaren erabakia, eta kexagileari alta eman diezaiola etxebizitza babestuaren eskatzaile gisa 2018ko maiatzetik.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 15a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2020R-427-20 Ebazpena, 2020ko ekainaren 29koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio "Etxebide" Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroan izena emateko baztertu duen eskaera bat berrikusteko. Arartekoaren 2020R-427-20 Ebazpena, 2020ko ekainaren 29koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio "Etxebide" Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroan izena emateko baztertu duen eskaera bat berrikusteko.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad