"Txerto pasaportea" eta giza eskubideak: Europako Kontseiluaren aholkuak


Europako Kontseiluko Idazkari Nagusiak ohar orientagarri bat argitaratu du "txerto pasaporteez" eta horiek giza eskubideen inguruan sortzen dituzten gaiez. Ohar horretan Europako Kontseiluaren giza eskubideei buruzko hainbat hitzarmen aipatzen dira, "pasaporte" horiek ezartzean kontuan hartu beharko liratekeenak.

Horrela, oharrean adierazten denez, herrialdeek izurriak prebenitzeko betebeharra dute, Europako Gizarte Gutunaren arabera. Txertoak funtsezkoak dira COVID-19aren izurriaren kontra borrokatzeko. Hala ere, txerto gutxi dagoen egoeretan, eskuragarritasun ekitatiboaren printzipioa ezarri behar da Giza Eskubideei eta Biomedikuntzari buruzko Hizarmenean adierazitakoari jarraiki. Printzipio horren arabera, lehenetsi egin behar dira arrisku handiko eta kalteberatasun egoeretan dauden pertsona taldeak.

Era berean, gogorarazten da medikuntzan erabiltzeko edo bidaiatzeko ziurtagiriak eta "txerto pasaporteak" ez direla berriak. Tresna baliagarriak dira oraingoa bezalako testuinguruan, eta horiek Europa mailan harmonizatzea lortu nahi da. Hala ere, agiri horiek zorrozki medikuntzakoak ez diren erabileretarako baliatzeak (adibidez, zenbait eskubide, zerbitzu edo gune publikoetarako sarbidea izateko), zenbait galdera sortzen ditu Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean ezarritako funtsezko eskubideei dagokienez, eta horiek tentu handiz aztertu behar dira. Arriskua dago biztanleriaren zati handi bat baztertzeko, mugitu, elkartu eta manifestatzeko askatasuna gauzatzean diskriminatzeko, edo hezkuntza, enplegua edo etxebizitza izateko eskubideak baliatzeko orduan estigmatizatzeko. Arrisku horiek benetakoak dira txertaketa mundu osora iristen ez den bitartean.

Gainera, ziurtagiriek eta "txerto pasaporteek" kontuzko osasun-datuak edukitzen dituzte. Datuak Babesteari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmenean ezarritakoaren arabera, datu horiek prozesatzean, bereziki handia izan behar du babes-mailak, eta galdera asko sortzen ditu datu horiek medikuntzakoak ez diren erabiletarako baliatzeak. Arriskutsua izan daiteke datu horiek isilpekotasun betebeharrik ez duten pertsonek prozesatzea eta izugarri hedatzea.

Azkenik, oharrak dio txertoen merkatu paralelo bat sortzeko eta txertoak eta ziurtagiriak faltsutzeko arriskua egon litekeela, eta horiek osasun publikorako arriskutsuak izan litezkeela. Horretarako, garrantzitsuak dira Europako Kontseiluak medikuntzako produktuak faltsutzeaz eta ziberdelinuentziaz onarturiko Hitzarmenak.

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad