ARARTEKOA BAT DATOR ORTUELLAKO UDALAK FAMILIA BATI ETXEBIZITZA BAT ZUZENEAN ESLEITZEKO EGIN DUEN ANALISIAREKIN



Vitoria-Gasteiz

Koronabirusaren pandemian murgilduta geundela, Arartekoak jakin zuen familia batek Ortuellako poligono batean aparkatuta zeukan bere jabetzako ibilgailu batean bizi behar izan zuela.

Egiaztatu genuenez, bizikidetza-unitatea lau kidek osatzen zuten eta haietatik bi adin txikikoak ziren. Gainera, emakumea haurdun zegoen eta erditzea berehala gerta zitekeen.

Egoera horren aurrean, Arartekoak premiaz laguntza eskatu zion Ortuellako Udalari, eta hark jakinarazi zion familia hori ordurako udal etxebizitza batean bizitzen ari zela, alokairu erregimenean, zuzenean esleitu baitzioten etxebizitza.

Babes publikoko etxebizitzak errentamendu erregimenean esleitzeko ohiko prozedurak lehia-irizpide zorrotzak bete behar izaten ditu etxebizitza behar duten pertsona guztien artean, eta baremazio-sistema baten arabera egiten da.

Hala ere, araudiak berak ezartzen du ohiko esleipen-prozeduratik salbuesteko aukera dagoela, etxebizitza behar bereziengatik, tratu berezia jasotzen den kasuetan (menpekotasun egoeretan, edonolako desgaitasuna izatean edo gizarte-bazterketarako arriskua dagoenean).

Eta ez da ahaztu behar kasu zehatz honetan bizikidetza-unitatea bi adin txikikok osatzen dutela eta beste bat jaiotzear zegoela.

Beraz, Arartekoa bat dator Ortuellako Udalak egindako analisiarekin eta familia horri udal etxebizitza bat zuzenean esleitzearekin. Gainera, eskerrak ematen dizkio kasu hau behar bezala konpontzeko eman dion laguntzagatik.


Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 13a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2020IR-585-20 Ebazpena, 2020ko ekainaren 29koa. Horren bidez, amaitutzat ematen da ofizioz abiarazitako jarduketa bat, familia batek etxebizitza duin eta egoki batera sartzeko duen premiari buruzkoa. Arartekoaren 2020IR-585-20 Ebazpena, 2020ko ekainaren 29koa. Horren bidez, amaitutzat ematen da ofizioz abiarazitako jarduketa bat, familia batek etxebizitza duin eta egoki batera sartzeko duen premiari buruzkoa.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad