ARARTEKOAK ANTOLATUTAKO IKASTAROA, NAHI GABEKO BAKARDADEAZ



Donostia-San Sebastián

EHUren XXXIX. edizioko uda ikastaroen barruan, Arartekoak ikastaro bat antolatu du gaurko eta biharko, Donostiako Santamaría zentroan, izenburu honekin: "Nahi gabeko bakardadea. Politika publikoen ereduak eta herritarren konpromisoa".

Inaugurazio ekitaldian, Manuel Lezertua arartekoak adinekoei neurri handi batean, baina ez modu esklusiboan, eragiten dien arazo horrek dituen hainbat dimentsio aipatu ditu.

Lezertuak honako hau esan du: "gure gizartearen zahartzen ari da; jaiotza-tasa zeharo jaitsiz doa; familia-nukleoak geroz eta txikiagoak direla egiaztatzen duen gizartean bizi gara; mugikortasuna geroz eta handiagoa da eta bizilekuan luzaroan errotzea ere galduz doa. Horren guztiaren ondorioz, egungo bizi-ohiturekin batera, pertsonok laguntza- eta urgazpen-sare bat izateko zailtasun handiagoak ditugu egungo gizartean. Gure gizartea eta familia-ereduak errotik aldatu dira azken hamarkadetan, eta, horrekin batera, bai zaintza-modu tradizionalak ere".

Horretaz gain, honela azpimarratu du: "badira, gainera, migrazio-fluxuetatik eratortzen diren "kulturarteko" beste elementu batzuk, erkidego-sarerik ez egotea eragin dezaketenak, eta horri aurre egin behar zaio. Horren ondorioz, bakardadean bizitzea geroz eta nabarmenagoa da gure gizartean, eta areagotzeko joera du".

Nahita bilatu ez den eta, gainera, luzaro irauten duen bakardadearen ondorioz, laguntzarik gabeko egoerak sortzen dira, munta handiko osasun-arazo fisikoak, mentalak eta emozionalak sor daitezke eta, areago, gizarte-bazterketa pairatzeko arriskua ere bai.

Horregatik, ikastaro honetan, hausnartzeko eta profesionalen eta sektoreen artean ideiak trukatzeko gune bat sustatzen saiatuko gara, parte-hartzaileen sentsibilizazioari, konpromisoari eta interes komunei esker, ezagutza eta eskarmentua partekatzeko, nahi gabe bakarrik bizi diren pertsonen egoerak prebenitu, antzeman eta horietan esku hartzeko eta haien beharrei erantzuteko.

Horrez gain, aztertu egin nahi dira bakarrik daudenak babesteko, zaintzeko eta haiek parte hartzeko sare bat sortzen laguntzen duten tresnak, jarduera egokiak eta ekimen sozial eta komunitarioak, gure gizarteko pertsonen arteko harremana hobetzeko.

Donostia-San Sebastián, 2020ko irailaren 23a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad