ARARTEKOAK ARRASATEKO UDALARI GOMENDATU DIO NEURRIAK HAR DITZALA AZOKA EGUNETAN GAUEZ ZAMALANEK SORTZEN DITUZTEN ERAGOZPENAK SAIHESTEKO



Vitoria-Gasteiz

Arrasateko bizilagun batzuk 2018. urteaz geroztik salatzen ari dira beren etxebizitzen inguruan zarata-eragozpen larriak sortzen dituztela, gauez, astean bi aldiz azokara joaten diren saltzaile ibiltariek beraien kamioi eta furgonetekin egiten dituzten zamalanek. Jasanezinak omen dira kolpeek eta dardarek eragindako zaratak.

Dirudienez, saltzaileek salgaiak furgoneta eta kamioi txikietan eramaten dituzte eta horiek inguru horretan aparkatzen dituzte. 5:00-5:30ak aldera, kalean deskargatzen dituzte beraien produktuak, beren etxebizitzen azpian, eta azokara eramaten dituzte saltzeko. Jarduera eta joan-etorri horiek soinu-eragin larriak sortzen dituzte inguruan, beren etxebizitzetara iristen dira eta bizilagunei ez diete atseden hartzen uzten.

Haien esanean, salaketa ugari egin dizkiote udalari eta hainbat bilera egin dituzte udal arduradunekin. Zaratari buruzko araudiak etxebizitzen eremuetarako ezartzen dituen hots-mailak errespeta daitezen berma dadin ere eskatu dute, eta zamalan horiek eguneko orduetara atzera daitezela, gehiegizko zaratak gauez sortzen dituen eragozpenak gutxitzeko.

Hala ere, oraingoz ez omen dute gogobetetzeko moduko emaitzarik jaso, ezta berariazko erantzunik ere egin dituzten erreklamazio anitzen gainean.

Adierazi behar da Arartekoak lehen ere bi kexa-espediente izapidetu zituela gai berberaz. Bi kasu haietan, udalak inguruan sortutako eragin akustikoa zuzentzeko neurriak adostu zituenez gero, Arartekoak bere jarduera eten zuen, kexan azaldutako arazoa behar bezala bideratuta zegoelakoan.

Hala eta guztiz ere, kexagileek salaketak jartzen jarraitzen dute, gauez oraindik ere pairatzen ari diren zarata-eragozpen larriengatik. Beraien etxebizitzetan jasaten duten kutsadura akustiko horrek galarazi egiten die atsedena, eta izugarri eragiten du euren bizi-kalitatean.

Horregatik, Arartekoak Arrasateko Udalari gomendatu dio ikuska dezala salatutako zamalanek sortzen duten hots-maila, eta beharrezko neurriak har ditzala etxebizitza horiek araudian ezarritako gehienezko mugak gainditzen dituzten immisio akustikoetatik babestuta egongo direla bermatzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 12a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2020R-1949-19 EBAZPENA, 2020ko martxoaren 12koa. Horren bidez, Arrasateko Udalari gomendatzen zaio dagozkion neurriak hartu ditzala azoka egunetan gauez egiten diren zamalanek eragindako eragozpenak saiheste aldera. Arartekoaren 2020R-1949-19 EBAZPENA, 2020ko martxoaren 12koa. Horren bidez, Arrasateko Udalari gomendatzen zaio dagozkion neurriak hartu ditzala azoka egunetan gauez egiten diren zamalanek eragindako eragozpenak saiheste aldera.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad