ARARTEKOAK BILERA EGIN DU BAHÁ´I KOMUNITATEKO ORDEZKARI BATZUEKIN



Vitoria-Gasteiz

Manuel Lezertua arartekoak bilera egin du Shady Nicolás Misaghirekin (Espainiako Bahá'í komunitatearen Gai Publikoen Bulegoko ordezkaria da bera) eta José Luis Fanlo Tejero eta Carmen Lozón Marcaidarekin, Espainiako eta Euskadiko Bahá´í komunitatearen ordezkariak baitira, hurrenez hurren.

Bilera horretan jakinarazi diotenez, Iranen bahá´íek jazarpena jasaten dute eta, horren ondorioz, elkarte horrek Elkartasun Batzordea sortu du komunitate horretako kideak bizi diren hainbat estatutan, Iran salatzeko kanpaina bat bultzatzeko asmoz, beraien kontra erabiltzen ari den fanatismoagatik eta indarkeriagatik.

Bahá´íen aurkako ekintzak gaiztotu egin dira Iranen azken hilabeteotan, pandemiaren ondoriozko konfinamendua aprobetxatuz. Shirazen (Iran) agintari judizialak mehatxuak egiten ari dira: Bahá´i fedea dutenak hiri horretan deserrotu egingo dituztela, pertsonei askatasuna kenduko zaiela, ondasunak konfiskatuko dizkietela edo beraien eskubideak urratuko dituztela, adibidez, hezkuntzarako edo enpresa-askatasunerako eskubideak. Komunitate horren aurka egiten den jazarpenaren eta indarkeriaren beste urrats bat da hori. Auzoei zerbitzu-proposamenak egiteagatik eta indarkeriarik gabe berdintasuna eta aniztasuna errespetatuz beste talde batzuekin lankidetzan aritzeagatik nabarmentzen da, hain zuzen ere, komunitate hori.

Gainera, bilera horretan, Bahá´i fedea azaltzen duten gai batzuen berri eman diote Arartekoari: esate baterako, aniztasunean bat egiteko printzipioa, sinesmen horren jatorria edo beste estatu batzuetan nola antolatzen eta ezartzen den. Komunitate hori osatzen duten etnien eta nazioen aniztasuna da bere ezaugarrietako bat.

Azkenik, jakinarazi diote Iran salatu dutela giza eskubideak babesteko nazioarteko erakundeetan, eta beste prozedura batzuk abian daudela edo has daitezkeela Iranen Bahá´í fedea duten pertsonen aurkako jazarpena salatzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 17a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad