ARARTEKOAK EEE-RI PAVEA PROGRAMAKO LAGUNTZEN UKAPENA BERRIKUS DEZAN GOMENDATZEN DIO, ESKABIDE OSATUGABEEN KASUAN



Vitoria-Gasteiz

Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) ibilgailu efizienteen eta alternatiboen aldeko inbertsioak sustatzeko laguntzen programaren baitan (PAVEA) eskaintzen duen laguntza bat eskuratzeko interesa duten pertsonek aurkezturiko hainbat erreklamazio jaso ditu Arartekoak. Programa horrek zuzeneko dirulaguntzak eskaintzen dizkie ibilgailu berri bat eskuratu duten eta programako baldintzak betetzen dituzten pertsonei. Dirulaguntzak ondoz ondoko lehia araubidean esleitu ohi dira, aurkezpen-hurrenkeraren arabera eta xede horretarako finkaturiko aurrekontua agortu arte.

Kexagileek adierazi dute ez daudela ados erabilgarri zegoen aurrekontua agortu izanagatik dirulaguntzak ukatu izanarekin, eskaerak aurrekontua agortu aurretik aurkeztu baitziren. Kexagileak ez datoz bat EEEk dirulaguntzen aurkezpen-hurrenkera finkatzeko kontuan hartu duen datarekin. Kasu horietan, erreferentzia gisa harturiko aurkezpen-data dokumentazioaren zuzenketa-data izan da, eskaera-dataren ordez.

Eskatzaileek uste dute zuzenketa-izapidea atzeratu izanak beren eskaeren aurkezpen-hurrenkera aldatu duela eta, praktikan, laguntza eskuratzea eragotzi diela, aurrekontua EEEk dokumentazioa zuzendu dezatela eskatu aurretik agortu baita.

Halaber, zenbait kasutan, kexagileek zalantzan jartzen dute zuzenketa-izapide horretan administrazio publikoaren esku zegoen dokumentazioa aurkezteko eskatu izana.

EEEri laguntza eskatu ondoren, txosten bat bidali dio Arartekoari, eta bertan interpretatzen du PAVEAren oinarrien arabera eskaerak aztertzeko hurrenkera aldatu egin daitekeela justifikaturiko arrazoiak daudenean, hala nola osatu gabeko eskaeren kasuan.

EEEk adierazi du interesdunak "ezin hobeto zekiela zein zen oinarrietan ezarritakoaren arabera aurkeztu behar zuen dokumentazioa eta zeintzuk ziren zuzen zitezkeen akatsak hautemateak edo dokumentuak hurrenez hurren aurkezteak zituen ondorioak; hortaz, ondorioak onartu behar ditu".

Hala ere, Arartekoak uste du herritarrak dokumentazioa zuzentzeko duen bermeak ezin duela inola ere aldatu edo kaltetu interesduna.

Hortaz, Arartekoak Energiaren Euskal Erakundeari gomendatzen dio osatu gabe zeuden eskaerak aurkezteagatik ukatu diren laguntzak berrikusteko, baldin eta ukatzeko arrazoia zuzenketa-izapidearen atzerapena izan bada eta, bereziki, beste administrazio batzuen eskuetan dagoen dokumentazioa eskatu bada.


Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 8a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2021R-594-21 Ebazpena, 2021eko ekainaren 16koa. Horren bidez, EEEri gomendatzen zaio berrikus dezala osatu gabe zeudelako PAVEA programako laguntzak ukatu zaizkien eskaeren kasua eta bermatu dezala horiek zuzentzeko izapideak ez duela aldatzen laguntzen ebazpen-hurrenkera. Arartekoaren 2021R-594-21 Ebazpena, 2021eko ekainaren 16koa. Horren bidez, EEEri gomendatzen zaio berrikus dezala osatu gabe zeudelako PAVEA programako laguntzak ukatu zaizkien eskaeren kasua eta bermatu dezala horiek zuzentzeko izapideak ez duela aldatzen laguntzen ebazpen-hurrenkera.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad