ARARTEKOAK ESKATU DU BERRIZ AZTER DADILA DSBEa JASOTZEKO ESKAERA BAT UKATZEKO ERABAKIA, ETA BERMA DADILA ADINGABEAREN INTERES GORENA LEHENETSIKO DELA



Vitoria-Gasteiz

Herritar batek esku hartzeko galdegin zion Arartekoari, izan ere, Lanbidek ukatu egin zion diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jasotzeko eskaera.

Azaldu zuenez, adin txikikoa izan 17 urte eta amarekin bizi zelarik, haurdun geratu zen, 21 urteko gazte batekin zeukan harreman informal baten ondorioz. Amak azpierrentamenduan zeukan logela batean bizi ziren biak orduan.

Alaba haurdun zegoela jakin zuenean, amak Lanbideri jakinarazi zion, baita haurra jaio zenean ere.

Jakinarazpen haren ondorioz, Lanbide DSBEaren espedientea berraztertzen hasi zen, izan ere, bere iritziz, bizikidetza-unitatearen osaeran aurrez egindako aldaketa bat jakinarazi ez zelako zantzuak zeuden -alegia, aurretiaz ezkontza-harremana edo haren antzekoa egon zitekeela kexagilearen eta gaztearen artean .

Bestalde, behin alabatxoa jaiotakoan, kexagilea eta bere umea bikotekidearen gurasoen etxebizitzara joan ziren bizitzera. Une hartan, kexagilearen amak bere alabari eta bilobari erroldan baja eman ziezaieten eskatu zuen. Hala ere, udal bulegoetan adierazi zioten umearen erroldatzea ezin zela aldatu alta eman zitzaionetik hilabete igaro arte; horregatik, errolda aldatzeko eskaerak ekainean izan zuen eragina, ez maiatzean.

18 urte bete zituenean, kexagileak DSBE jasotzeko eskaera izapidetu zuen, baina Lanbidek ukatu egin zion, prestazioa aurreko espedientea iraungi zitzaionetik urtebete igaro baino lehen eskatu zuelakoan. Beste eskaera bat egin zuen eta hura ere ukatu egin zioten.

Ukapena arrazoitzeko, Lanbidek hauxe adierazi zuen: espediente hura kexagilearen (orduan adin txikikoa) eta 21 urteko gaztearen arteko ezkontza-harremana edo antzekoa ez jakinarazi izanagatik iraungi zela.

Hala ere, kexari buruzko agiri guztiak aztertu ondoren, Arartekoak uste du kexagilearen amak jasotzen zuen prestazioa amaitzeko erabakia ez zetorrela zuzenbidearekin bat.

Gainera, gogoan izan behar da DSBEa ukatzeko unean umetxo bat zegoela bizikidetza-unitatean.

Horregatik, Arartekoak Lan eta Enplegu Sailari gomendatu dio berriz azter dezala eskaera hura ukatzeko erabakia, zuzenbidearekin bat ez datorrelako eta adingabearen interes gorena lehenetsiko dela bermatzen ez duelako.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 9a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2020R-34-20 Ebazpena, 2020ko irailaren 28koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari gomendatzen zaio diru-sarrerak bermatzeko errentaren eskaera baten ukoa berrikusteko, zuzenbidearekin bat ez etortzeagatik eta aintzat ez hartzeagatik adingabearen interes gorenaren lehentasuna. Arartekoaren 2020R-34-20 Ebazpena, 2020ko irailaren 28koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari gomendatzen zaio diru-sarrerak bermatzeko errentaren eskaera baten ukoa berrikusteko, zuzenbidearekin bat ez etortzeagatik eta aintzat ez hartzeagatik adingabearen interes gorenaren lehentasuna.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad