ARARTEKOAK ETXEBIZITZA ALDATZEKO ESKAERA BATEN UKAPENA BERRIKUSTEKO ESKATU DIO ETXEBIZITZA SAILARI



Vitoria-Gasteiz

Herritar batek Arartekorengana jo zuen ez zegoelako ados etxebizitza aldatzeko egin zuen eskaerari dagokionez Alokabide sozietate publikoak eman zion ezesteko erantzunarekin.

Kexaren sustatzailea Gasteizko babes publikoko etxebizitza baten bizi da, bere emaztearekin eta alaba adingabearekin batera, errentamendu-erregimenean.

2020ko urtarrilean etxebizitza aldatzeko eskatu zuen, uste baitzuen ez dela egokia logela bakarra duelako, nahiz eta bizikidetza-unitatea hiru pertsonak osatzen duten eta etxebizitzaren beste eremu zabala egongela-sukaldea-jangela den.

Alokabidek ezezkoa eman zion eskaerari, uste baitzuen etxebizitzak 15 m2/pertsonako ratioa betetzen duela eta esleipena egin zenetik bizikidetza-unitatea ez delako handitu.

Arartekoak Alokabideren laguntza eskatu ondoren, erakunde horrek erantzun zion etxebizitzaren errentamendu-kontratua 2018ko urtarrilean sinatu zela eta orduan bizikidetza-unitatea jada bikoteak eta alabak osatzen zutela.

Bi urte geroago berriz ere birkokatzea eskatu zuen, baina kasu honetan ere ukatu egin zitzaion bizikidetza-unitatean ez direlako inguruabarrak aldatu esleipenaren hasierako egoerarekin alderatuta.

Era positiboan baloratzen dugu Etxebizitza Sailak etxebizitza duin, egoki eta irisgarri bat legez okupatzeko aukera bermatzeko egin duen ahalegina.

Hala ere, Arartekoaren ustez, kexaren sustatzailearen bizikidetza-unitatea bizi den etxebizitza gainokupazio-egoeran dago. Gure ustez familia hori bizi den etxebizitzaren azalera erabilgarriaren eta banaketaren ondoriozko mugen arabera ezin da ondorioztatu etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidea guztiz aseta dagoenik.

Hori dela eta, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari gomendatzen dio berrikus dezala herritar horren bizikidetza-unitatearen etxebizitza aldatzeko eskaerari dagokionez eman duen ezespena.

Halaber, gogorarazten dio 3/2015 Legean jasotako arau-aurreikuspenak erregelamendu bidez garatu behar direla, birkokatzeko prozedurari beharrezko segurtasun juridikoa eta berme guztiak emateko.


Gasteiz, 2020ko irailaren 16a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2020R-495-20 Ebazpena, 2020ko abuztuaren 6koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio berrikus dezala etxebizitza errentamendu-araubidean aldatzeko eskaeraren ukatzea Arartekoaren 2020R-495-20 Ebazpena, 2020ko abuztuaren 6koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio berrikus dezala etxebizitza errentamendu-araubidean aldatzeko eskaeraren ukatzea
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad