ARARTEKOAK ETXEBIZITZA SAILARI GOMENDATU DIO BERE GAIN HAR DEZALA JABEEN KOMUNITATE BATEN LEHENDAKARITZA, TXANDEN ARABERA HALA EGOKITZEN ZAIONEAN



Vitoria-Gasteiz

Herritar batek Arartekora jo zuen, bada Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Alokabide sozietate publikoak uko egiten zioten, gutxienez 2016tik, bera bizi den jabeen komunitateko lehendakaritza hartzeari, txanden arabera hala zegokionean.

Adierazi zuenez, eraikina 8 etxebizitzak osatzen dute eta horietatik 5 sail horrenak dira eta Alokabideren bitartez kudeatzen dira.

Kexagilearen esanean, auzokoen artean larriagotu egin zen bizikidetza-arazoa eta txikizioak ohikoak ziren eremu komunetan. Izatez, hain zuzen ere lehendakariaren irudirik ez zegoelako ez omen ziren burutzen adostutako erreklamazio judizialak.

Arartekoak sail horri eskatu zion txosten bat presta zezala eta bertan azal zezala zer arrazoi juridiko zeuden komunitateko lehendakaritza ez hartzeko, izan ere, Jabetza Horizontalari buruzko Legean ezarritakoaren arabera, komunitateko presidentea jabeen artean izendatuko dute, hura hautatuz edo txandaka edo zozketa bidez. Izendapen hori nahitaezkoa da, baina izendatutako jabeak ordeztu dezaten eska diezaioke dagokion epaile zibilari.

Arartekoaren iritziz, ez dago inolako lege-aurreikuspenik Etxebizitza Sailari, egoki deritzon moduan, jabeen komunitateko lehendakaritza hartzea eragozten dionik. Horregatik, Jabetza Horizontalari buruzko Legetik eratorritako betebeharrak bete ditzan gomendatu dio.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 7a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2020R-1352-19 Ebazpena, 2020ko uztailaren 7koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio jabeen erkidego baten presidentetza bere gain hartzeko, txandaren arabera dagokionean. Arartekoaren 2020R-1352-19 Ebazpena, 2020ko uztailaren 7koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio jabeen erkidego baten presidentetza bere gain hartzeko, txandaren arabera dagokionean.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad