ARARTEKOAK EUSKO JAURLARITZAKO ETXEBIZITZA SAILARI GOMENDATU DIO BERRIZ AZTER DEZALA ETXEBIZITZARAKO PRESTAZIO EKONOMIKO BAT AMAITU DELA ETA BEHAR EZ BEZALA JASOTAKO ZENBATEKOAK ITZULI BEHAR DIRELA ADIERAZTEN DUEN EBAZPEN BAT


Sailak jada erantzun dio Arartekoari ez dagoela ados bere argudioekin eta, beraz, ez duela berraztertuko ebazpen hori.
Vitoria-Gasteiz

Herritar batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela ados etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa aitortzearekin batera prestazio osagarria amaitu izanarekin, ezta ere Etxebizitzako Bizkaiko lurralde-ordezkariak, behar ez bezala jasotako prestazio ekonomikoen kontzeptupean, diru-kopuru jakin bat eskatzeko hartu zuen erabakiarekin.

Kexagilea Etxebiden izena emanda dago 2014az geroztik. Berak eta bere bikotekideak etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa aitortuta zuten, 2019ko maiatzetik. Horrela, botere publikoek ezin izan zietenez etxebizitza bat eskuratu, etxebizitzarako prestazio ekonomikoa delakoa aitortu zioten, subsidiarioki.

2020an, Etxebizitzako Bizkaiko lurralde-ordezkariak prestazio hori amaitzea erabaki zuen, aurreko sei hilabeteetako errentak ordaindu zituela erakusten zuten egiaztagiriak aurkezteko betebeharra ez betetzeagatik.

Kexagileak azaldu zuenez, pandemiagatik, zailtasunak izan zituen 2020ko martxoan, apirilean eta maiatzean bere ohiko banketxean diru-sarrerak aurrez aurre egiteko, eta ordainketak ordainagiri pribatuen bidez egin zituela justifikatu zuen; haietan, berariaz adierazten zen errentatzaileak errenta jaso eta sinatu zuela. Etxebizitza Sailaren iritziz, agiri horiek ez ziren baliozkoak.

Informazioa eskatu ondoren, Etxebizitzako Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak egintza horiek baieztatu zizkigun eta etxebizitzako prestazio ekonomikoa amaitzeko erabakiari eutsi zion. Hala ere, ez zuen inolako informaziorik bidali hain erabaki kaltegarria hartzera bultzatu zuen arau-hauste zehatzari buruz.

Arartekoaren aburuz, ez dago oinarri juridiko nahikorik hileko errentaren ordainketa banketxeko egiaztagirien bitartez soilik egiazta dadin eskatzeko. Gogora dezagun Eusko Legebiltzarrak onartu zituen legez besteko proposamenetan (32/2016 eta 12/2017), bi gauza eskatu zizkiola Eusko Jaurlaritzari: alde batetik, ez zezala murrizketarik egin ordura arte aitortutako eskubideetan, ez baldintzei ez zenbatekoei zegokienez; eta, bestetik, garatu zezala, bederatzi hilabeteko epean, etxebizitza-eskubide subjektiborako irispidea arautzeko dekretua.

Agindu hori egin zenetik denbora luzea igaro den arren, ez da arau bidez behar bezala garatu etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa. Bien bitartean, sail hori Etxebizitzako Sailburuordetzaren 1/2016 Jarraibidea ezartzen ari da (etxebizitzarako prestazio ekonomikoa kudeatzeari buruzkoa), aldi baterako.

Beraz, arauzko garapen hori egin ez denez gero, Arartekoaren ustez, kasu honetan ez dago tresna juridiko nahikorik ez etxebizitzarako prestazio ekonomikoa amaitzeko, ezta behar ez bezala jasotako diru-kopuruak erreklamatzeko ere.

Horregatik, Etxebizitza Sailari eskatu zion berriz azter zezala erabaki hori, eta ostera adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak lehenbailehen onartu behar duela etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoa deritzonaren arauzko garapena.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak erantzun du ez datorrela bat honako iritzi honekin: "etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoa deritzona erregelamendu bidez garatzen ez den bitartean, ez da egokia Etxebizitza Sailburuordetzaren etxebizitzarako prestazio ekonomikoaren kudeaketari buruzko azaroaren 4ko 1/2016 Jarraibidea erabiltzea".

Kasu zehatz honi dagokionez, bere idazkian gaineratu du "pandemiak martxoan, apirilean eta maiatzean errentak banku-prozeduraren bidez ordaintzeko zailtasunak prestazioaren hartzaile gehienek gainditu zituztela, eta ordainketa banku-transferentzia bidez justifikatzeko aukera izan zutela, alarma-egoeraren ondoriozko egoera gorabehera".

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 29a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2021R-2222-20 Ebazpena, 2021eko ekainaren 14koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari gomendatzen dio etxebizitzarako prestazio ekonomikoa delakoa azkendu dela eta behar ez bezala jasotako zenbatekoak itzuli behar direla deklaratzen duen ebazpen bat berrikus dezala. Arartekoaren 2021R-2222-20 Ebazpena, 2021eko ekainaren 14koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari gomendatzen dio etxebizitzarako prestazio ekonomikoa delakoa azkendu dela eta behar ez bezala jasotako zenbatekoak itzuli behar direla deklaratzen duen ebazpen bat berrikus dezala.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad