ARARTEKOAK EUSKO JAURLARITZAKO ETXEBIZITZA SAILARI GOMENDATU DIO ETXEBIZITZA DUIN ETA EGOKIA IZATEKO ESKUBIDE SUBJEKTIBOA BERMA DIEZAIELA HERRITAR BATI ETA HAREN BIZIKIDETZA-UNITATEARI



Vitoria-Gasteiz

Herritar batek Arartekoari azaldu zionez, Etxebizitza Sailaren Bizkaiko lurralde ordezkariak etxez aldatzeko eskubidea onartu zion, baina atzeratu egin zuen babes publikoko etxebizitza bat errentan emateko unea, eta ez zegoen erabaki horrekin ados.

Kexagileak errentan hartuta dauka babes publikoko etxebizitza bat, Alokabide sozietate publikoak kudeatutakoa, "Bizigune" etxebizitza hutsaren programaren barruan. Etxe horretan leku faltagatik arazo larriak dituztela kontuan hartuta, bi aldiz eskatu zuen etxebizitza alda ziezaioten.

Interesdunak azaldu zuenez, sei kide dituen guraso bakarreko bizikidetza-unitatea osatzen du eta zenbait adingabe ditu bere ardurapean. Gainera, adingabe horietatik hiruk desgaitasun eta mendekotasun egoerak dituzte aitortuta. Horrela Alokabide sozietate publikoari adierazi zion etxebizitzan ez zegoela behar adina lekurik, eta zailtasunak zituela adingabeak garbitzeko. Bere esanean, hainbat erreklamazio egin zituen higiezina egoera txarrean zegoela jakinarazteko, baina sozietate publikoko zerbitzu teknikoek ez zuten konpontzeko beharrezko jarduerarik egin. Izatez, Alokabidek bidalitako zenbait teknikarik familia hori beste toki batean kokatzea gomendatu omen zuten.

Sail horrek 2018ko otsailean esleitu zion etxebizitza, eta kontratua 2021eko otsailaren 28ra arte zegoen indarrean. 2019. urtearen hasieran, kexagileak beste toki batean kokatzeko eskaera egin zuen, baina Alokabidek ez zuen onartu. Arrazoi hau eman zuen: "Argudiatutako arrazoi zehatzak ez dira berralokatzea emateko arrazoitzat hartzen."

Hala ere, hilabete batzuk geroago, berriro eskatu zuen etxe-aldaketa. Orduan, Etxebizitza Sailaren Bizkaiko lurralde-ordezkariak onartu egin zuen eskaera, baina kontratua bukatzen zenerako. Hau da, nahiz eta lurralde ordezkaritzak onartu etxebizitzak ez zituela beharrezko baldintzak betetzen kexagilearen bizikidetza-unitatearen ezaugarriak kontuan hartuta, atzeratu egin zen etxe-aldaketa, 2021eko otsailean errentamendu-kontratua bukatu arte.

Arartekoari ez zaio zentzuzkoa iruditzen etxebizitza bat bizikidetza-unitate baten behar zehatzerako desegokia dela ikusi ondoren, sail horrek errentamendu-kontratua bukatzearen baldintzapean jartzea etxe-aldaketa.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatu dio berriz azter dezala erabaki hori, eta ahalik eta lasterren etxebizitza duin eta egokia legez okupatzeko eskubide subjektiboa aitor diezaiela herritar horri eta berorren bizikidetza-unitateari.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 25a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2020R-2601-19 Ebazpena, 2020ko ekainaren 5ekoa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio berrikus dezala etxebizitza bat errentamendu-araubidean zuzenean adjudikatzeko Ebazpena ukatzeko erabakia. Arartekoaren 2020R-2601-19 Ebazpena, 2020ko ekainaren 5ekoa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio berrikus dezala etxebizitza bat errentamendu-araubidean zuzenean adjudikatzeko Ebazpena ukatzeko erabakia.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad