ARARTEKOAK EUSKO JAURLARITZARI ESKATU DIO AZTER DEZALA EA NEURRIREN BAT HAR DAITEKEEN, ARAZO EKONOMIKOAK DITUZTENEI MASKARAK ERABILTZEKO BETEBEHARRA BETETZEN LAGUNTZEKO



Vitoria-Gasteiz

Arartekoak zenbait kexa jaso ditu pertsona batzuentzat maskarak nahitaez erabili behar izateak dakarren gastu erantsiagatik, izan ere, betebehar hori legez ezarrita dago Covid-19ak sortutako osasun-krisiari aurre egiteko.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin harremanetan jarri da, pertsona horiek maskarak merkeago erosi ahal izateko neurriren bat hartzea aztertu duen edo aztertzen ari den jakiteko.

Sail horrek jakinarazi digunez, lehendakariak, Covid-19ari aurre egiteko asmoz Gobernuko presidentearekin astero izaten dituen bileretan, kezka agertu zion maskara kirurgikoen kostuaren gainean, eta proposatu zion azter zezala ea maskara higienikoen BEZa ken daitekeen farmaziako koordainketa egiten duten pertsonentzat.

Lehendakariak proposaturiko neurria Estatuaren eskumenekoa da eta, sail horrek emandako erantzunean, ez da aipatzen bere eskumen-eremuan neurriren bat hartzeko aukerarik. Hori dela eta, Arartekoa berriro harremanetan jarri da Osasun Sailarekin, gai horretaz neurriren bat hartzeko aukera aztertu ote duen jakiteko. Erantzuna ezezkoa izan da.

Badakigu garrantzitsua dela guztiok maskarak behar bezala erabiltzea birusaren hedapena geldiarazteko. Baina, era berean, uste dugu, erakunde honetara jo dutenek bezalaxe, maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izateak gastu erantsia sortzen duela eta egoerarik txarrenean bizi direnen ahalmen ekonomikoa ahuldu dezakeela.

Arartekoak egindako esku-hartzeen ondoren, erabili eta botatzeko maskara kirurgikoen BEZa murriztea onartu da; hori ontzat jotzen dugu. Hala ere, geure buruari galdetzen diogu ea neurri hori, beste jarduera batzuk burutu gabe, nahikoa izango ote den azaldutako arazoa konpontzeko.

Cáritasek emandako datuen arabera, oraingo krisiarekin, lehendik ere egoera txarrean zeuden eta beren bizitza behar bezala egiteko behar besteko diru-sarrerarik ez zuten euskal biztanleen %15,2 are baztertuago egongo dira, arlo guztietan gainera (diru-sarrerak, enplegua, etxebizitza, laguntza-sarea,¿). Horrez gain, 2008ko krisiaren ondoriozko gizarte-bazterketatik ateratzen joan ziren pertsonak behin betiko bazterketa-egoeran jausi litezke berriro.

Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari iradoki dio azter dezala ea neurri osagarriren bat har daitekeen, arazo ekonomikoak dituztenei maskarak erabiltzeko betebeharra betetzen laguntzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 18a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoren 2020S-951-20 Ebazpena, 2020ko abenduaren 10ekoa, horren bidez
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari iradokitzen zaio baloratu dezala zailtasun
ekonomikoak dituzten pertsonek maskarak erabiltzeko betebeharra behar bezala
betetzea erraztuko duen neurriren bat hartzeko aukera. Arartekoren 2020S-951-20 Ebazpena, 2020ko abenduaren 10ekoa, horren bidez Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari iradokitzen zaio baloratu dezala zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonek maskarak erabiltzeko betebeharra behar bezala betetzea erraztuko duen neurriren bat hartzeko aukera.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad