ARARTEKOAK GAITZETSI EGITEN DU GASTEIZEN EMAKUME BATI BIZIA KENDU DION ATENTATU MATXISTA



Vitoria-Gasteiz

Arartekoak atsekabe sakona sentitu du atzo Gasteizen egin zen krimen matxistaren berri jakitean. Gizon batek, bere buruaz beste egin baino lehen, zitalki kendu zion bizia Erikari, 37 urteko emakumeari, bere bi ume adingabeen aurrean. Erika senarrarengandik banatzeko izapideak egiten ari zen.

Dirudienez, aurretiaz ez zegoen salaketarik erasotzailearen aurka, eta horrek, tamalez, eragotzi egin du emakume hori babesteko prebentzio-neurriren bat hartzea.

Matxismoak berriro hil du hiltzailearengandik banantzea erabaki zuen emakume bat. Egintza hori oso garrantzitsua da eta agerian jartzen du egoera bereziki zaurgarrian daudela esplizituki edo inplizituki genero-indarkeriaren mende bizi izanda, beren erasotzaileengandik banantzeko erabakia hartzen duten emakumeak.

Isilean gordetako indarkeriazko egoera horiek antzematea erronka bat da erakunde publikoentzat eta gizarte osoarentzat, eta horiek erne egon behar dute indarkeria bizi duten emakumeei laguntzeko eta, hartara, krimen matxista berriak galarazteko.

Arartekoak bere arbuioa, erabateko gaitzespena eta samina adierazi nahi ditu krimen lazgarri horrengatik, eta herritarrei eta agintari publikoei eskatzen die parte har dezatela gaur, asteazkena, 12:00etan Gasteizen antolatu zen elkarretaratzean, baita gaitzespen-ekintzak antolatzen diren Euskadiko beste toki guztietan ere.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 13a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad