ARARTEKOAK GASTEIZKO UDALARI GOMENDATU DIO INDARRIK GABE UTZ DEZALA GIDARI BATI KONTRAKO NORANZKOAN ZIRKULATZEAGATIK JARRI ZION ISUNA



Vitoria-Gasteiz

Herritar batek kexa egin zion Arartekoari, Gasteizko Udalak "ezarritakoaren kontrako noranzkoan zirkulatzeagatik" 500 euroko isuna ezarri ziolako eta 6 puntu kendu zizkiolako.

Kexagileak zioenez, bere bizilekutik Mendizorrotza kiroldegiko aparkalekura zihoala, bere ibilbidetik desbideratu zuten, lasterketa bat egiten ari zelako, eta beste bide batzuetatik gidatu zuten, batzuetan Udaltzaingoak eta beste batzuetan lasterketa zaintzen ari ziren zerbitzuek.

Joan-etorri ugariren ostean, toki berera iritsi omen zen bi aldiz, eta azkenean Aretxabaletako inguruan amaitu omen zuen. Udaltzaingoaren eta lasterketa zaintzeko zerbitzuen jarraibideei jarraiki, une jakin batean, bide batean hamabi auto -besteak beste, berea eta hainbat moto ilaran zirkulatzen ari omen ziren, kontrako noranzkoan.

Ibilgailu horiek Mendizorrotzako atzealdeko errotonda batera iritsi zirenean, bi udaltzainekin topo egin omen zuten, eta haiek desbideratzeko agindu omen zieten, Gorputz Hezkuntzako Euskal Erakundearen aparkalekuko kanpoaldean sartzeko. Batzuek hala egin omen zuten, eta gainontzekoek Lasarterantz jarraitu omen zuten.

Kexagilearen esanean, udaltzainek, oso zakar, beraien azalpenak entzun gabe eta kontuan hartu gabe hainbeste ibilgailu aldi berean debekatutako noranzkoan zirkulatzen ari zirela, ohi ez bezala, auto-gidariei ahoz esan zieten salatu egingo zituztela egintza horrengatik.

Egoera ezohikoa zenez gero eta babesik gabe sentitu zenez gero, 010 telefonora deitu zuen, gertatzen ari zenaren berri emateko, eta zenbait alegazio egin zizkion udalari, baina haiek balioetsi gabe ezetsi zituzten. Gainera, bera salatu zuen udaltzainak ez zion jakinarazi salaketa une hartan bertan, ezta geroago ere.

Arartekoak informazioa eskatu zion udalari, baina hark ez du eman kexagilearen bertsioa zalantzan jartzeko elementurik.

Horregatik, Arartekoak Gasteizko Udalari gomendatu dio indarrik gabe utz dezala isun hori, eta berriz azter ditzala egoera berean eta arrazoi beragatik gainontzeko ibilgailuen gidariei jarri zitzaizkienak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 9a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2020R-172-19 Ebazpena, 2020ko uztailaren 6koa. Horren bidez, Gasteizko Udalari gomendatzen zaio ondoriorik gabe utz dezala bere ibilgailuarekin kontrako noranzkoan zirkulatzeagatik kexaren sustatzaileari jarritako zehapena, eta berrikus ditzala inguruabar berberetan eta arrazoi berarengatik beste pertsona batzuei jarritako zehapenak. Arartekoaren 2020R-172-19 Ebazpena, 2020ko uztailaren 6koa. Horren bidez, Gasteizko Udalari gomendatzen zaio ondoriorik gabe utz dezala bere ibilgailuarekin kontrako noranzkoan zirkulatzeagatik kexaren sustatzaileari jarritako zehapena, eta berrikus ditzala inguruabar berberetan eta arrazoi berarengatik beste pertsona batzuei jarritako zehapenak.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad