ARARTEKOAK LAN ETA ENPLEGU SAILARI ESKATU DIO BERRIZ AZTER DEZALA DSBE BAT UKATZEKO ERABAKIA, IZAN ERE, BERE USTEZ, BALDINTZAK BETE DIRELA EGIAZTATU DA



Vitoria-Gasteiz

Herritar batek esku hartzeko galdegin zion Arartekoari, Lanbidek ukatu egin baitzion diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jasotzeko egin zuen eskaera. Kexagilea Bilbon bizi zen eta 1996. urteaz geroztik han erroldatuta zegoen, bere ohiko bizilekuan, hasieran bere amarekin batera, hura 2018ko abenduan hil zen arte.

Testamentuan (bera bizi zen etxebizitza eta diru-kopuru txiki bat) oinordeko unibertsal moduan agertzen zen. Era berean, zendutako amak kexagilearen amonaren dohaintza huts eta sinplearen bidez jaso zuen etxebizitza, eta amona agertzen zen etxebizitzaren jabe gisa Jabetza Erregistroan.

2020ko martxoan, amaren heriotzatik urtebete eta 3 hilabete igaro zirenean, diru-sarrerarik gabe eta bere oinarrizko beharrei aurre egiteko arazo larriak zituela, interesdunak DSBE jasotzeko eskaera bat egin zuen Lanbideren zegokion bulegoan, lagun bakarreko bizikidetza-unitate bezala.

Lanbidek entzuteko izapide bat jakinarazi zion, baita ohartarazi ere baldintza batzuk ez zirela bete antzeman zuela. Orduan, agiri hauek eman zituen: amak bere alde egindako testamentuaren kopia bat; oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga likidatzeko eredua; errolda-ziurtagiria eta Jabetza Erregistroko ziurtagiria, non bere amonaren etxebizitzaren titular gisa agertzen jarraitzen zuen.

Gainera, alegatu zuen ezin ziola aurre egin oinordetzan jasotako etxebizitza Jabetza Erregistroan bere izenean jartzeko gastuari, eta, bestalde, hori ez zitzaiola beharrezkoa iruditzen, oinordeko unibertsala eta bakarra izanik, emandako agirietan egiaztatzen zenez.

Hala ere, Lanbidek ukatu egin zion DSBEa, izan ere, bere ustez, ez zuen betetzen bizikidetza-unitate bat osatzeko baldintza eta ez zuen argitzen etxebizitzak zer araubide zuen (alokairua, erabilera-lagapena¿).

Haatik, Arartekoaren iritziz, ez dago dudarik lagun bakarreko bizikidetza-unitatea osatzen zuela eta behar bezala egiaztatu zela etxebizitza hori jabe gisa erabiltzen zuela.

Nabarmendu behar da kexagileak, erakunde honen aholkuari jarraikiz, 2020ko abenduan beste eskaera bat egin zuela prestazio hori onar ziezaioten, eta eskaera hura joan den martxoan onartu zela, eskaera egin zen egunera arteko atzeraeraginarekin, nahiz eta etxebizitzaren erregistro-egoera ez aldatu.

Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailari gomendatu dio berriz azter dezala 2020ko martxoan DSBE baten eskaera ukatzeko hartu zuen erabakia, eta aplika ditzala berrazterketa horretatik eratortzen diren ondorio ekonomikoak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 15a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2021R-1488-20 Ebazpena, 2021eko ekainaren 1ekoa. Horren bidez, Lan eta Enplegu Sailari gomendatu dio berrikus dezala diru-sarrerak bermatzeko
errentaren prestazioa aitortzeko eskaera baten ukapena, horrek dakartzan ondorio ekonomikoekin. Arartekoaren 2021R-1488-20 Ebazpena, 2021eko ekainaren 1ekoa. Horren bidez, Lan eta Enplegu Sailari gomendatu dio berrikus dezala diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioa aitortzeko eskaera baten ukapena, horrek dakartzan ondorio ekonomikoekin.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad