ARARTEKOAK OFIZIOZ JARDUN DU, LANBIDEK ONARTUTAKO JARRAIBIDE BERRIA DELA ETA



Vitoria-Gasteiz

Arartekoak ofiziozko espediente bat hasi zuen orain aste batzuk, jakin baitzuen Lanbidek JAR-DBE-023 Jarraibidea eman zuela: "Adingabeak ardurapean dituzten bizikidetza-unitateentzat 147/2010 Dekretuaren 5.2 artikuluak ezarritako gehieneko denbora zenbatzen hasteko". Bertan adierazten denez, jarraibide hori 2020ko abenduaren 14an jarri zen indarrean.

Geroagoko kontsultei eta kexei begira jarraibide horrek zer aplikazio izango duen argitzeko, aurtengo otsailaren 4an Arartekoak informazio-eskaera egin zion Lanbideri. Eskatu zion zehatz-mehatz azal zezala jarraibide horrek zer kasuri eragingo dien, bidal zezala hori oinarritzen duten epai judizialen kopia bat eta argitu zitzala jarraibide horren izaera juridikoaren era bere irismenaren gainean sortzen diren zalantzak.
Araudiak aurreikusten du adingabeak ardurapean dituzten bizikidetza-unitateak, beste senide batzuen (guraso, aiton-amona, anai-arreba, e.a.) bizilekuan bizi badira haiengandik bereizitako bizikidetza-unitatea (BU) osatzen dutela diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) aitortzeko orduan, eta ez dio ezartzen iraupen-mugarik aurreikuspen horri.

Adingabeak ardurapean dituzten bizikidetza-unitateak oso kalteberak direlako aitortzen zaie beste bizikideengandik independentea den bizikidetza-unitatearen izaera eta, horren bitartez, unitate horien autonomia bermatu nahi da, baita ere, arrazoi sozioekonomikoengatik, beste senide batzuen bizilekuan bizitzen jarri behar dutenean.

Orain arte aurreikuspen horrek batez ere adingabeak ardurapean dituzten guraso bakarreko (ama) familiei egiten zien mesede.

Legea garatzen duen dekretuak bi urtera mugatu zuen bizikidetza-unitate berezi horien iraupena.

Muga hori jada aztertu zuen erakunde honek txosten honetan: Diagnostiko txostena, Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren prestazioak hobeto kudeatzeko proposamenak jasotzen dituena, 2017.

Orduan ohartarazi zen legearen arau-garapenak mugatu egin zuela bizikidetza-unitate berezien iraupena; horregatik, Arartekoak proposatu zuen aukera honen inguruan gogoeta egitea: ohiz kanpoko kasuetan gutxienez, epe hori luzatu ahal izatea, gizarte-zerbitzuekin koordinatuta, emandako epea igaro baino lehen bizilekua aldatzea errazteko.

Epea ez da luzatu, ordea. Aitzitik, oraingo jarraibideak badirudi are gehiago mugatzen duela adingabeak ardurapean dituen bizikidetza-unitate bereziaren iraupena, eta administrazioarekiko auzien epaitegien zenbait epaitan babestuta, hauxe zehaztu du "adingabeak ardurapean dituen BU bereziaren iraupena ezingo da 24 hilabetetik gorakoa izan, haurra jaiotzen edo adoptatzen denetik zenbatzen hasita".
Jarraibide hori kasu honetan bakarrik ezar daitekeela uler daiteke: adingabeak ardurapean dituzten pertsonak, haurrak jaio baino lehen senide baten bizilekuan bizi zirenak eta haurra jaio edo adoptatu zenetik 24 hilabete izango zituztenak BU berezitzat har zitzaten.

Alabaina, jarraibidea nola idatzita dagoen ikusita, Arartekoari kezka sortzen dio ez ote zaien ezarriko adingabeak ardurapean dituzten BU guztiei eta, horrela, adibidez, 7 eta 9 urteko bi seme-alaba dituen pertsona batek, modu independentean bizi zenak eta krisiagatik gurasoen etxera itzuli denak, DSBE bat eskatu eta ezezkoa jasotzea.

Aldi berean, araudi-hierarkiaren printzipioan oinarrituta, Arartekoak zalantzan jartzen du BU berezien onarpena mugatu ahal izan ote daitekeen Lanbideren barruko jarraibide baten bitartez, Diru-sarrerak Bermatzeko Legearen 9. artikulua eta lege hori garatzen duen araudia kontuan hartuta.

Vitoria-Gasteiz 2021ko martxoaren 11

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad