ARARTEKOAREN ERAKUNDE ADIERAZPENA, EUROPAREN EGUNA OSPATZEN DELA ETA


2021eko maiatzaren 9a

GAZTERIAREN GARAIA
Vitoria-Gasteiz

Urtero bezalaxe, Arartekoak Europaren Eguna ospatu nahi du, eta herritar guztiak ospakizun horrekin bat egitera animatu. Aurten, ordea, ospakizunak berezia izan beharko luke eta garrantzitsua iruditzen zaigu gazteei eskaintzea.

Mutiko, neskato, nerabe eta gazteak dira Euskadiren eta Europaren etorkizuna. Hori hala izan arren, aurten izurriak erakutsi digu beraien ahotsak gutxiegi entzuten direla. Biztanleria osoak nozitu ditu izurriaren ondorioak, baina modu desberdinean eragin dio pertsona bakoitzari eta talde bakoitzari, beren ezaugarrien arabera. Mutiko, neskato, nerabe eta gazteek mugatua ikusi dute hezkuntzarako, aisiarako eta jolaserako sarbidea; uko egin behar izan diete gizarteko eta familiako harremanei, askotan zapuztuta ikusi dituzte beraien ikasketa-proiektuak, prestakuntzakoak, bidaiatzekoak, nahiz eta, horiei esker, gaztaroari uztarturik doan esploratzeko eta ezagutzeko gogo berezia garatu ahal izango zuten; zenbaitetan, gabezia materialaren eta indarkeriaren egoera are larriagoak pairatu dituzte.

Begi-bistan geratu da, baita Europan ere, beharrezkoa dela gazteen ahotsak entzutea, diotena aintzat hartzea eta beraiei parte hartzeko gune bat ematea. Horregatik, Arartekoak gazte horiei aditu nahi die, beraien hitza eta Europari buruz dituzten asmoak ezagutarazi nahi ditu. Horretarako, topaketa birtual bat antolatuko du ekainaren 17an, 18:00etan, non gazteen eta adituen ordezkariek Europaz hitz egingo baitute. Topaketa horretan parte hartzen duten neska-mutilek hitz egin, eztabaidatu eta galderak egin ahal izango dituzte. Aurki ekitaldi horren gaineko informazio gehiago emango dugu gure web orrian eta gizarte-sareetan.

Bestalde, gogorarazi nahi dugu aurten Europaren Etorkizunari buruzko Hitzaldia egingo dela, alegia, Europako herritarrek parte hartzeko ekitaldi paregabea historian. Arartekoak herritar guztiak animatzen ditu hitzaldian parte hartzera (bere lineako plataformaren bitartez) eta, horrela, beraien etorkizunarekin kritikoak eta arduratsuak diren Europako herritarren parte izatera. Gure etorkizuna Europarena bera da, eta gure esku dago.

Gainera, Arartekoak adore eman nahi die Europaren Eguna ospatzeko burutuko diren lineako ekitaldietan parte hartu nahi duten guztiei. Esteka honetan jartzen dizkizuegu eskuragarri.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 10a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad