ARARTEKOAREN GOMENDIOARI JARRAIKI, ARABAKO FORU ALDUNDIAK KIROL FEDERAZIOAK KONTROLATZEKO NEURRIAK HARTUKO DITU, TRATU DESBERDINTASUNAK SAIHESTEKO UME ADOPTATUEN ARTEKO LIZENTZIAK IZAPIDETZEAN



Vitoria-Gasteiz

Ume adoptatu baten amak diskriminatzailea iruditzen zitzaion egoera azaldu zion Arartekoari, izan ere, bere semeak adopzio bidez Espainiar nazionalitatea izan arren, atzerrian jaioa zenez gero, gainontzeko haurrek ez bezalako berariazko agiriak aurkeztu behar izan zituen Arabako Futbol Federazioan federatzeko.

FIFAk ezarritako prebentzio-neurri bat da hori, futbol elkarte handiek gehiegizko jarduerak burutu ez ditzaten. Hala ere, Arartekoak, horren antzeko zenbait kasu aztertu dituenez, urtea joan eta urtea etorri kirol agintariei adierazten die saihestu egin behar dela neurri hori bereizi gabe aplikatzea gehiegizko jarduera horiekin zerikusirik ez duten kasuetan, umearen interes gorenari dagokionez funtzionala ez delako eta legez kontrakoa delako, ez baitira aintzat hartzen adopzioaren esanahi juridikoa eta horren ondorioak.

Halaxe gogorarazi zion Arabako Foru Aldundiari laguntza eskatu zionean, bada foru erakunde horri dagokio bere lurralde historikoko kirol federazioetan esku hartzea eta federazio-lizentziak izapidetzean haiek kontrolatzea.

Gainera, Kode Zibilaren 19.1 artikuluak hauxe ezartzen du: "Espainiar batek adoptatzen badu hemezortzi urtekoa baino gazteagoa den adingabe atzerritarra, atzerritar horrek Espainiako jatorrizko naziokotasuna eskuratuko du adopzio-unetik".

Beraz, jaioterria alde batera utzita, atzerrian jaiotako ume adoptatua Espainian jaiotakoa bezain espainiarra da jatorriz, eta ezin da tratu-desberdintasunik egin kirol lizentziak emateko orduan, batzuei eta besteei bereizitako agiriak eskatuz.

Horregatik, Arartekoak Arabako Foru Aldundiari gomendatu zion neurriak ezar zitzala Arabako kirol federazioek adopzio bidezko jatorrizko nazionalei Espainiako umeei bezalako tratua eman diezaieten bermatzeko, agiri berberak eska diezazkietela kirol lizentziak izapidetzean eta kontrola dezala ez dela bestelako tratu desberdintasunik egiten.

Arabako Foru Aldundiak Arartekoari jakinarazi dionez, dagoeneko bidali dio idazki bat Arabako Futbol Federazioari, eta adierazi dio agiri osagarriak eskatzeko jarraibidea zuzendu behar duela, Espainiako ume adoptatuen kirol lizentziak izapidetzean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 16a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2020R-2120-19 Ebazpena, 2020ko urriaren 29koa. Horren bidez, Arabako Foru Aldundiari gomendatzen dio Arabako kirol federazioetan esku hartzeko eta kontrolatzeko neurriak har ditzala, kirol lizentziak izapidetzean hartu diren adingabeen arteko tratu-desberdintasunak saiheste aldera. Arartekoaren 2020R-2120-19 Ebazpena, 2020ko urriaren 29koa. Horren bidez, Arabako Foru Aldundiari gomendatzen dio Arabako kirol federazioetan esku hartzeko eta kontrolatzeko neurriak har ditzala, kirol lizentziak izapidetzean hartu diren adingabeen arteko tratu-desberdintasunak saiheste aldera.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad