ARARTEKOAREN USTEZ, ETXEBIZITZA SAILAK NEURRIAK HARTU BEHARKO LITUZKE BANANTZE-PROZESUAN DAUDEN BIKOTEEK ETXEBIDEN BANAKA IZENA EMAN AHAL IZATEKO



Vitoria-Gasteiz

Herritar batek Arartekoari azaldu zionez, ez zegoen ados Etxebide etxebizitza babestuaren eskatzaileen erregistroan bakarka izena emateko egin zuen eskaera ukatu izanarekin. Kexagilea bere bikote ohiarekin inskribatuta zegoen Etxebiden, 2015eko urriaz geroztik.

Izatez banandu ondoren, 2019ko apirilean, etxebizitza eskatzaile gisa bereizita inskribatzeko eskatu zuen. Alegatu zuen dibortzio-prozesuan murgilduta zegoela eta kezkatuta zegoela, etxebizitza babestuaren eskatzaile gisa jatorrizko espedientean zuen antzinatasuna gal zezakeelako.

Ekainean, Etxebizitza Sailaren Arabako lurralde ordezkariak ez zuen onartu beraren eskaera, galdegin ziotenean ez baitzuen eman dibortzioari buruzko epailearen epai irmoaren kopia bat, izan ere, ebazpen hura hilabete geroago jakinarazi zioten.

Kexagileak helegitea jarri zuen eta bere abokatuak sinaturiko agiri bat erantsi zuen, zeinak egiaztatzen baitzuen dibortzio-prozesuan zegoela.

Hala ere, Etxebizitza sailburuordeak ezetsi egin zuen errekurtso hura, bada, bere ustez, dibortzio-epaia emanez bakarrik inskribatu ahal izango zuten bakarka Etxebiden.

Arartekoak laguntza eskatu ondoren, Etxebizitza Sailak txosten bat bidali zion. Bertan berretsi egin zuen banaka izena ematea ukatzeko erabakia, harik eta banantzeari edo dibortzioari buruzko epai irmoa eman arte. Hala ere, dibortzio-epaia ematen den unean, bakarka inskribatu ahal izango da eta espedientean agertzen den antzinatasuna mantenduko da.

Arartekoaren iritziz, horrelako egoeretan, erregistro horretan inskribatuta daudenen benetako etxebizitza-beharrak ez bezalako errealitate bat erakusten arituko litzateke Etxebide. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari iradoki dio berariazko neurriak har ditzala banantze edo dibortzio prozesuan azken erabakiaren zain dauden pertsonak banaka izena eman ahal izan dezaten. Bere iritziz, sail horrek banakako izen ematea onar lezake aldi baterako, betiere interesdunak harremana desegiteko izapideak hasi dituztela egiaztatzen badu.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 30a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2020S-2095-19 EBAZPENA, 2020ko ekainaren 12koa. Horren bidez,  Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio berrikus dezala "Etxebide" Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroan banakako izen-ematea ukatzeko ebazpen bat. Arartekoaren 2020S-2095-19 EBAZPENA, 2020ko ekainaren 12koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio berrikus dezala "Etxebide" Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroan banakako izen-ematea ukatzeko ebazpen bat.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad