ARARTEKOKO NERABEEN KONTSEILUKO NESKA-MUTILEK GOGOETA EGIN DUTE COVID-19AK BEREN ESKUBIDEETAN DUEN ERAGINAZ



Vitoria-Gasteiz

"Hilabete hauetan beldurra, estutasuna eta kezka sentitu ditugu, herritar guztiek bezala, elkartasunezko ekintzetan lagundu dugu, gure ikasketei jarraipena ematen ahalegindu gara une bakoitzean adierazi diguten moduan, eta, hala ere, nerabeok sentitzen dugu ez gaituztela aintzat hartzen. Ez gara existitzen, non eta ez den gure arduragabekeriagatik kutsatzeak areagotu egiten direla leporatzeko".

Ikus daitekeenez, argi eta garbi mintzatu dira asteburu honetan Arartekoko Nerabeen Kontseiluko neska-mutilak, Sarrian (Araba) elkartuta, COVID-19ak eta hori geldiarazteko hartu diren neurriek haur eta nerabeen eskubideetan izan duten eraginaz hausnartzeko asmoz.

Lan handi, aberats eta oso emankorra eginez, Kontseiluaren bileran oraingo honetan parte hartu duten 20 neska-mutilek hiru eskubide aukeratu dituzte (hezkuntzarako eskubidea, osasunerako eskubidea eta "sozializatzeko" eskubidea) izurriak indarrik handienaz jo dituen eskubidetzat, eta zeharkako ikuspegi gisa erantsi dute beraiek erabat garatzeko duten eskubidea.

Bestek beraiei buruz kontatutakoa, sentitu dutena, pentsatzen dutena aztertu dute, helburu jakin batekin: hori oinarritzat hartuta, gure mandatariei erabakiak hartzerakoan baloratu beharko lituzketen zenbait neurri eta jarduera proposatzeko.

Zuzenean kontatzen dute zer-nolako arazoak izan dituzten eskolak linean jasotzeko, nahaste-borraste egoeran eta arduradun guztiak (ikastetxeak, irakasleak, familiak) eta dena (baliabideak, metodologiak, edukiak) inprobisatzen ari ziren testuinguruan, nahiz eta, paradoxikoki, eskatzen zitzaien ordenatuak izan zitezela, ikasketetan arreta jar zezatela eta "ikasturtea aurrera atera zezatela". Kontatu dute herstura eta tristura sakoneko uneak bizi izan dituztela, lagunen hutsunea nabaritu dutela, gurasoengandik bananduz joateak eta nor bere buruaren jabe dela sentitzeak erabateko garrantzia duen etapa horretan.

Hurbiletik ezagutzen dute aldi baterako enplegu erregulazioek edo langabeziak dirurik ezak, asperdurak eta "linean egin beharrekoen" mugek sortzen duen ziurgabetasuna. Eta horri guztiari aurre egiteko, zenbait proposamen, ideia, iradokizun dituzte. Adituko dien norbait besterik ez dute behar¿

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 9a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad