EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA, ARARTEKOAREN ERAKUNDE-ADIERAZPENA


HAMABI KAUSA HILEZ HIL - MARTXOA

2021eko martxoaren 8a

Zenbat eta genero-berdintasun handiagoa, orduan eta demokrazia sendoagoa, giza eskubideen babes hobea eta ongizate handiagoa herritar guztientzat
Vitoria-Gasteiz

Arartekoak euskal erakundeei eta Euskadiko herritarrei hitz egin nahi die gaur, bada martxoaren 8ak urtero gogorarazten digu genero-berdintasunak garrantzi nagusia duela gizon-emakumeak garatzeko eta gure gizarteek aurrera egiteko.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunak berekin dakar emakumeen ikusgarritasuna, ahalduntzea eta eremu publiko guztietan parte hartzea; berekin dakar aukera berbera izatea baliabide ekonomikoak eskuratzeko, denbora izateko eta lan guztiaren balioa aitortua izateko, pertsonen zaintza- eta artatze-lana ere bai, hori ez baita ordaintzen, etxe barruan egiten delako. Lan horretan uzten dute beren denbora, arreta, jakituria eta ahalegina milioika emakumek, inolako ordainik jaso gabe.

Arartekoaren ustez, emakumeen eta gizonen benetako berdintasun eraginkorra ezin utzizko premisa da gizarte batek egiaz demokratikoki jardun dezan, funtsezkoa da giza eskubideak babesteko, eta beharrezko oinarria herrialdeen ekonomia-aurrerapenerako eta lehiakortasunerako. Izurriak irakatsi digu emakumeek zaintzako lehen lerroan zenbat eman duten besteen alde, eta erakutsi digu dedikazio hori zein garrantzitsua den izurriaren eragina arintzeko. Arartekoak gizarte osoarekin partekatu nahi du gaur bere ikuspegi argi eta garbia: zenbat eta genero-berdintasun handiagoa, orduan eta demokrazia sendoagoa, giza eskubideen babes hobea eta ongizate handiagoa herritar guztientzat.

Legerian eta politikan aurrerapenak egin diren arren, tamalez, baita Euskadin ere, desberdintasunek eta oztopoek oraindik bizirik diraute emakumeak gizaki gisa guztiz garatu ahal izateko, gizon-emakume guztiak berdin hartu eta balioetsiko lituzkeen gizarte batean: indarkeria matxistak eguneroko egintzak izaten jarraitzen dute emakume gehiegirentzat; emakumeen eta gizonen arteko arrakala ekonomikoa oraindik ere ageri da soldata eta pentsio desberdinetan, baita ere pobrezia feminizatzen duen aberastasun-banaketa bidegabean; erabaki politiko eta ekonomikoak hartzeko orduan, emakumeen parte-hartzea errealitate demografikoa irudikatzetik urrun dago oraindik; estereotipo matxistek bere horretan jarraitzen dute, baita belaunaldi gazteenen artean ere; eta emakumeen gorputzak erraz erasotzen dituzte oraindik ere, objektu soiltzat merkaturatzen eta instrumentalizatzen dira¿

Niretzat, giza eskubideak babesteko eginkizuna duen Legebiltzarraren ordezkaria bainaiz eta, jasotako babes handiagatik, arduraz eta indarberrituta hasi baitut nire bigarren agintaldi hau, oztopo horiek, duten itxura dutela, giza eskubideen kontrako atentatu argiak dira, zalantzarik gabe.

Arartekoak ziur dago emakumeen eta gizonen, gizarte zibilaren eta erakundeen artean behar bezala eratutako aliantzek bakarrik desagerraraz ditzaketela desberdintasun eta oztopo horiek, norberak uste osoa izanik eta esku hartuz, estrategiak partekatuz eta ahalik eta pertsona gehienen partaidetza ahalbidetuz. Horregatik, bere iritziz, agenda publiko bat egin behar da, berdintasunaren aldeko ibilbide horretan taxututako neurrietan sakontzeaz gain, pedagogiaren garrantzia ere kontuan hartuko duena, genero-berdintasunaren mezua ahalik eta pertsona gehienengana irits dadin, aurrerapen humanitario, politiko, ekonomiko eta sozialaren mezu gisa.

Laster aldatzekoa da Berdintasunari buruzko 2005eko Legea, orain Legebiltzarrean izapidetzen ari baita. Hori funtsezko urratsa da, duda barik, euskal esparru juridikoa eguneratzeko (beharrezkoa baita), berdintasun-arloan gaur egun egiten diren eskaera horiei erantzuteko, izan ere, 15 urte baino gehiago igaro ondoren, eskaera horiek jada gainditu egiten dituzte lege horretako aurreikuspenetako asko, bereziki genero-indarkeriaren biktimak babestu eta artatzeari dagokionez. Arartekoak espero du euskal legegileak, horrelako lege batek merezi duen herritarren partaidetza handiarekin, gauden garaiaren araberako erantzuna eskaintzen jakitea, irmo aurrera egiteko emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunerantz.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 5a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad