ETXEBIZITZA SAILAK ONARTUTAKO NEURRI BATI ESKER, ARARTEKORA JO ZUEN HERRITAR BATEK ETXEBIDEN IZENA EMANDA JARRAITZEN DU ETA DSBE PRESTAZIOA JASOTZEN HASI DA BERRIRO



Vitoria-Gasteiz

Herritar batek Arartekora jo zuen, izan ere, Bilboko Udal Etxebizitzak (BUE) tokiko erakunde autonomoak bere inskripzioari baja eman zion Bilboko etxebizitza-eskatzaileen udal erroldan. Horren ondorioz, Etxebizitza Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak ere baja eman zion, automatikoki, Etxebiden egina zuen eskaerari.

Kexagileak azaldu zuenez, guraso bakarreko bizikidetza-unitatea osatzen du bere ardurapeko ume batekin. BUEk babes publikoko etxebizitza bat errentamendu-erregimenean esleitu ziotela jakinarazi omen zion. Etxebizitzak 52 m2ko azalera zuen eta hileko 335 euroko errenta; horiei, hasiera batean, horniduretan alta emateak eta komunitate-gastuak gehitu beharko zitzaizkion.

Hala era, herritarrak BUEri adierazi zion duela 20 urtez geroztik etxebizitza baten errentaria dela merkatu pribatuan, eta etxe horren truke 300 euroko errenta ordaintzen duela hilero. Azaldu zuen egoera ekonomiko zailean dagoela, eta behar bezala justifikatu zuen egun erdiko lanaldia zuela eta bere diru-sarrerak DSBE eta EPO prestazioekin osatzen zituela.

Horregatik, bere ustez, BUEk egindako proposamena ez zen egokia bere ekonomia-egoerarako, eta etxebizitza bat baldintza horietan onartzeak dezente kaltetuko zituen bai bere ekonomia, bai bere ardurapeko umearen ongizatea. Beraz, ukapena arrazoitu eta gero, udal erroldan etxebizitza-eskatzaile gisa jarraitzeko eskaera egin zion BUEri.

Haatik, BUEk ez zuen onartu arrazoibide hori, eta baja eman zion etxebizitza babestua errentamendu-erregimenean jasotzeko asmoz kexagileak egindako eskaerari, eskaintza ukatzeko justifika zitekeen arrazoi objektiborik ez zegoelakoan. Horren ondorioz, Lanbidek kexagilearen EPOa amaitzea erabaki zuen, eta DSBEa kautelaz etetea.

Arartekoak laguntza eskatu zien Bilboko Udalari eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailari. Sail horrek erantzun zuen Ordezkaritzak Etxebiden automatikoki baja ematen diela BUEko etxebizitza-eskatzaileen erroldatik kanpo uzten dituzten pertsonei.

Baina gaineratu zuen oraintsu jarraibide bat egin dela eta honako hau ezarri dela: ez da Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan baja emateko arrazoi izango etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien esleipenei uko egitea, baldin eta babes publikoko etxebizitza bat, antzeko etxebizitza bat edo zuzkidura-bizitoki bat alokatzeko esleipenari uko egiten dion pertsonak etxebizitzarako prestazio osagarria edo etxebizitzarako prestazio ekonomikoa jasotzen badu esleipenaren unean, eta etxebizitza-premia aseta duela adierazten badu.

Arartekoak ontzat jotzen du Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak onartutako neurria, bada, horri esker, kexagileak Etxebiden izena emanda jarraitzen du eta Lanbidek DSBEa ordaintzeari ekin dio berriro.


Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 29a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2020IR-2454-19 Ebazpena, 2020ko maiatzaren 11koa. Horren bidez, bukatutzat jotzen da Arartekoaren jarduna, "Etxebide" Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroan baja emateari buruzko kexa bati dagokionez. Arartekoaren 2020IR-2454-19 Ebazpena, 2020ko maiatzaren 11koa. Horren bidez, bukatutzat jotzen da Arartekoaren jarduna, "Etxebide" Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroan baja emateari buruzko kexa bati dagokionez.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad