EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ANTZEMANDAKO BASO-SUTEETAN IKERKETA BULTZATZEKO ETA ZIGORTZEKO AHALA ERABILTZEKO PROPOSAMENAK


Arartekoaren 3/2021 Gomendio Orokorra
Vitoria-Gasteiz

Arartekoaren gomendio orokor horren jatorria ofiziozko jarduera bat da, 2019an hasitakoa. Jarduera haren bidez aztertu eta ebaluatu nahi zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek zer administrazio-prozedura erabiltzen dituzten baso-suteen sorburuak antzemateko eta ikertzeko, baita ere hiru lurralde historikoetan suteak nork eragin zituen argitzeko.

Arartekoak hedabideen eta gizarte-sareen bitartez jakin zuen gizartean kezka nabari zela Euskal Autonomia Erkidegoan baso-sute handi samar batzuk izan zirelako, ustez, nahita eragindakoak, eta nekez argitu zitekeela nork eragin zituen, kasu bakoitzean zegokion erantzukizuna eskatzeko. Hori jakin ondoren hasi zuen ofiziozko jarduera.

Egia da Euskal Autonomia Erkidegoa baso-suteek eragindako azaleraren indizerik txikiena duten eremuetako bat dela Estatu mailan. Hori hainbat faktorek eragin dute: esaterako, baldintza klimatologikoek edo azken hamarkadetan, basoen arloan, prebenitzeko eta baso-kudeaketa jasangarriagoa garatzeko politikak abiarazi izanak.

Hala ere, konparaziozko egoera hobe horrek ez du baso-arazo hori ahalik eta gehien murrizteko interesa kentzen; izan ere, neurri apalagoan bada ere, gaur egun arazoak bere horretan dirau, batez ere urteko sasoi batzuetan. Gainera, arriskua areagotu egingo dela aurreikusten da, klima-aldaketak eragina izan bailezake baso-suteen boladaren iraupenean eta larritasunean.

Testuinguru horretan, ezinbestekoa da suteen sorburuak zehatz-mehatz aztertzea, horiek kontrolatzeko berariazko ekintzak ezartzeko eta, gizon-emakumeen jarduerek sortutako suteak badira, egileei kargu hartzeko, tartean arduragabekeriarik edo intentziorik izan bada.

Gomendio honen bidez, oinarrien agiri bat proposatu nahi da, gero Euskal Autonomia Erkidegoan antzemandako baso-suteak ikertzeko eta zigortzeko ahala erabiltzeko eskumena duten erakundeen artean hausnar daitezen.

Zehazki, Arartekoak zenbait neurri gomendatu ditu, baso-suteak hobeto ikertu eta kontrolatzeko.

Proposamen horien artean, hainbat gomendio egin ditu baso-suteei buruzko ingurumen-informazioa errazago eskuratzeko, herritarren lankidetza sustatzeko eta ingurumen arloko salatzailea babesteko, baso-suteak gertatzen direnean.

Orobat, gomendio batzuk egin ditu suteen kontra babesteko araudia hobeto betearaz dadin, baso-suteen sorburuak ikuskatzeko eta ikertzeko ahalak erabiliz.

Arartekoak foru-administrazio eskudunei gogorarazi die ofizioz bultzatu behar dituztela baso-suteak ikuskatzeko neurriak eta ikertzeko eginbideak, eta suteak ikuskatzeaz arduratzen den basozaintzak berariazko prestakuntza eta baliabide material nahikoak izan behar dituela.

Orobat, Arartekoak gomendio orokor horretan adierazi du foru-administrazioek zigortzeko ahala erabili behar dutela, suteak ingurumenean sortutako kalteak konpondu behar dituztela eta Ministerio Fiskalari bidali behar dizkiotela baso-suteei buruzko espedienteak.

Gainera, Arartekoak azpimarratu du garrantzitsua dela koordinazio-mekanismoak bultzatzea baso-suteen ingurumen-zaintzan.

Horren haritik, Arartekoak aitortzen du Ingurumen arloko Fiskaltzak baso-suteak prebenitzeko eta kontrolatzeko orain arte egin duen lana. Komeni da ohartaraztea zorrozki Fiskaltzak eta Epaitegiak dutela arau-hauste penalak ikertzeko eta kalifikatzeko eskumena, eta baztertu egin behar dela gai horren inguruko edozein interferentzia.


Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 21a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Gomendio orokorrak
Euskal Autonomia Erkidegoan antzemandako baso-suteetan ikerketa bultzatzekoeta zehatzeko ahala erabiltzeko proposamenak. Euskal Autonomia Erkidegoan antzemandako baso-suteetan ikerketa bultzatzekoeta zehatzeko ahala erabiltzeko proposamenak.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad