Egoera sozioekonomikoak eragin handia du giza eskubideak ikusteko moduan


Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak inkesta bat egin du Europar Batasunean, Erresuma Batuan eta Iparraldeko Mazedonian bizi direnen artean, jakin nahi baitu nola ikusten dituzten giza eskubideak, demokrazia eta zerbitzu publikoak. Emaitzek erakusten dute egoera sozioekonomikoak eragin handia duela ikuskera horretan.

Giza eskubideak

EBko inkestatuen %88k uste dute giza eskubideak garrantzitsuak direla beraien herrialdeetan gizarte zuzenagoak sortzeko; %64ren iritziz, giza eskubideak esanguratsuak dira beren bizitzarako; eta, %52ren aburuz, denek oinarrizko eskubide berberak dituzte. Azken ehuneko hori %36ra jaisten da langabeen kasuan, eta %41era arazo ekonomikoak dituzten langileen kasuan. Espainian (emaitzak ez daude autonomia erkidegoka bereizita) inkestatuen %34k bakarrik uste dute denek oinarrizko eskubide berberak dituztela.

Eskubideak baliatzeari buruz ere alde nabarmenak daude. EBn, inkestatuen %33k uste dute giza eskubideez baliatzen diren bakarrak horiek merezi ez dituztenak direla, hala nola terroristak eta kriminalak. Ehuneko hori %44ra igotzen da arazo ekonomikoak dituztenen kasuan, eta %43ra, berriz, desgaitasunak edo beren eguneroko jardueretan eragozpen handia sortzen dieten gaixotasun larriak dituztenen kasuan.

Espainian, inkestatuen %68k adierazi du noizbait izan duela Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren berri, eta %61ek EBko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren berri. Hezkuntza maila apalagoa dutenek gutxiago ezagutzen dituzte tresna horiek.

Demokrazia

Europa mailan, inkestak erakusten du gazteenek (16 eta 29 urte bitartekoek) sistematikoki garrantzi gutxiago ematen dietela elementu demokratikoei, esate baterako, hauteskunde justu eta askeei, oposizioak gobernua kritikatzeko askatasunari, botere publikoak hedabideetan nahasteari, edo gutxiengoen eskubideak babesteari. Hala ere, kasu guztietan, argi eta garbi, biztanleen ehuneko altuenek ematen diete garrantzia gai horiei.

EBn, inkestatuetatik %60k uste dute alderdi eta politikari tradizionalak ez direla beraiengatik kezkatzen. Arazo ekonomikoak dituztenen kasuan, ehuneko hori %73koa da eta, aldiz, %45ekoa halako arazorik ez dutenen kasuan. Espainian, ehuneko orokorra %58koa da.

Zerbitzu publikoak eta ustelkeria

Arazo ekonomikoak dituztenek sarriago uste izaten dute beraien herrialdean epaileek inoiz edo ia inoiz ezin dezaketela bere lana egin gobernua tartean sartu gabe. Horietatik %35ek dute iritzi hori, EBko inkestatu guztien %27ren aldean. Espainian, ehuneko orokorra %31koa da. EBn arazo ekonomikoak dituztenek sentitzen dute, kasuetatik %17tan, zerbitzu publikoek ez dituztela besteak bezala tratatzen; aldiz, biztanleria orokorraren kasuan, ehuneko hori %8ra jaisten da.

EBn, inkestatuen %35ek uste dute onargarria dela enplegatu publikoei opariak edo mesedeak eskaintzea beraiengandik premiazko zerbait behar dutenean. 16 eta 29 urte bitartekoen kasuan, %48k dute iritzi hori. Espainian, ehuneko orokorra %23koa da.

Azkenik, EBn, inkestatuen %44k uste dute agintari publikoek baliabide errazak eskaintzen dizkietela kexa formalak egiteko; Espainian, berriz, ehuneko hori %54koa da, EBko bigarren altuena. Konparazio bidezko emaitza on horrek kemena ematen dio Arartekoari bere lanerako, baina, aldi berean, hobetzen jarraitzen ahalegintzeko beste arrazoi bat da berarentzat.

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad