Europako Batzordearen LGBTIQ estrategia berria


Europako Batzordeak LGBTIQ pertsonen eskubideak bermatzeko estrategia bat prestatu du lehen aldiz Europar Batasunean, 2020-2025 aldirako. Estrategiak lau ardatz nagusi ditu:

  • LGBTIQ pertsonen kontrako bereizkeriari heltzea
  • LGBTIQ pertsonen segurtasuna bermatzea
  • Gizarte barneratzaileak eraikitzea
  • Munduan LGBTIQ berdintasunaren alde egiten diren nazioarteko ahaleginetan buru izatea

Estrategian aurreikusi diren jardueren artean, Europako Gizarte Funtsa plus erabiltzea dago, LGBTIQ baztertuenen maila sozioekonomikoa hobetzeko, berariaz haiei zuzendutako ekimenen bitartez. Bereziki aipatu da trans pertsonak lan merkatuan sartzea.

Estrategiak hezkuntzan, osasun-zerbitzuak bereizkeriarik gabe jaso eta eskaintzean eta kultura adierazpenetan ere eragiten du, bereizkeriaren kontra borrokatzeko bide gisa. Beste atal batzuk nazioarteko babesa eskatzen dutenei buruzkoak dira. Estrategian iragarritako ekimen garrantzitsuenetako bat hauxe da: LGBTIQ pertsonen aurkako delituak eta gorrotozko adierazpenak Europako legediaren bidez bateratutako delituen barruan sartzea. Era berean, Batzordeak hitzeman du neurriak hartuko dituela LGBTIQ familien eskubideak bete daitezen familia horiek Europar Batasuneko lurraldean aske zirkulatzeko eskubidea erabiltzen dutenean, eta seme-alabatasuna Europar Batasun osoan aitortua izan dadin.

Proposamenak burutzeko, legeria eta aurrekontu arloetako jarduerak egiteko asmoa dago; jarduerok barneratu edo indartu egingo dute LGBTIQ ikuspegia arau-egintza eta programa batzuetan, baita estatu kideei laguntzea ere.

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad