Europako Herriaren Defendatzailea ikerketa bat egiten ari da Europako funtsak edadetuen eta desgaituen bizimodu independentea sustatzeko erabiltzeari buruz, eta Arartekoa ikerketa horretan parte hartzen ari da


Irailaren 15ean, Arartekoaren bulegoak Europako Herritarren Defendatzaileak antolatutako mintegi batean parte hartu zuen, Europako funtsak edadetuen eta desgaituen bizimodu independentea sustatzeko erabiltzearen gainean.

Europako Herriaren Defendatzailearen ikerketa

2021eko otsailean, Europako Herriaren Defendatzaileak ofiziozko ikerketa bat hasi zuen gai honen inguruan: EBk Estatu kideen eskura jartzen dituen Inbertsiorako Egiturazko Funtsen erabilera Europako Batzordeak ikuskatzea. Zehazki, Europako Defendatzaileak jakin nahi du ea Batzorde hori egiaztatzen ari den Estatuek funts horiek erabiltzen ote dituzten gizarte arloan, edadetuen eta desgaituen bizimodu independente eta autonomoa erraztuko duen zaintza-eredu bat sustatzeko. Kontua da atzean uztea "zaintza instituzionala" izenekoa, hau da, egoitzetan eta zentro handietan gauzatzen dena, beste eredu batzuetara igarotzeko. Eredu horiek gehiago oinarrituko lirateke zaintza komunitario pertsonalizatuetan, autonomia eta ohiko inguruan egoteko aukera sustatzen dutenetan. Desgaituen kasuan, Desgaituen Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 19. artikuluak bermatzen du bizimodu independentea izateko eta komunitatean txertatzeko eskubidea.

Bere ikerketaren zati gisa, Europako Defendatzaileak Europako Estatu eta eskualdeetako herriaren defentsa-erakundeei eskatu die informazioa eman diezaiotela beren lurraldeetako bizimodu independentea bultzatzeari buruz. Arartekoak bere jardueren bitartez lortutako informazioa eman zion Europako Defendatzaileari. Halako jarduerak dira kexak izapidetzea edo horiekin lotura duten gaien inguruko txostenak prestatzea.

Bizimodu independentea sustatzea Europako funtsen araudi berrian

2021-2027 aldirako inbertsiorako egiturazko funts berrien inguruko Europako legeria aldatu egin dute, bizimodu independentea izateko eskubidea sustatzen ahalegintzeko. Horrela, Xedapen Komunen Erregelamenduak hauxe ezartzen du: "funtsak honela gauzatu behar dira: laguntza instituzionaletik familian eta komunitatean oinarritutako laguntzara igarotzea sustatzeko moduan" (6. funtsezko arrazoia). Erregelamenduaren 3 artikuluak, Eskualdeak Garatzeko Funtsak eta Kohesio Funtsak honako helburu hau ezartzen du funtsentzat: Europa sozialagoa eta barneratzaileagoa lortzea, laguntza instituzionaletik familia eta herri esparruetako laguntzara igarotzea sustatuz. Horrelako laguntza bultzatzea Europako Plus Gizarte Funtsaren helburua ere bada (30. funtsezko arrazoia eta Erregelamenduaren 6. artikulua).

Azkenik, Europako Batzordeak zenbait baldintza mesedegarri diseinatu ditu funts horietatik datozen diru-kopuruak lortzeko. Baldintza mesedegarri horiek helburu eta bete beharreko irizpide zehatz batzuk ezartzen dizkiete funtsak jasotzen dituzten Estatuei. Helburu eta irizpide horiei esker erabaki daiteke ea Estatu kideek EBren dirua inbertitzeko aukeratzen dituzten programak baliagarriak diren ala ez helburu horiek erdiesteko. Baldintza mesedegarri bat ez betetzen ez bada, gerta liteke Europar Batasunak ez ordaintzea Europako funtsekin finantzatu nahi zen programa jakin baten gastuak.

Eskualdeak Garatzeko Funtsetarako eta Europako Plus Gizarte Funtserako baldintza mesedegarrien artean, honako hauek agertzen dira:

  • Nazio edo eskualde mailako esparru politiko estrategikoa izatea, gizarteratzeko eta pobrezia murrizteko. Baldintza horretan bete beharreko irizpideetako bat da zenbait neurri hartzea laguntza instituzionaletik familiako eta herriko laguntzara igarotzeko.
  • Esparru politiko estrategikoa izatea osasun-laguntzarako eta iraupen luzeko zainketetarako. Bete beharreko irizpideetako bat da zenbait neurri hartzea hurbileko eta familiako zerbitzuak sustatzeko, desinstituzionalizazioaren bitartez, neurri horien baitan hartuta prebentzioa eta lehen mailako arreta, etxez etxeko laguntza eta komunitateko zerbitzuak
 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad