Europako Kontseiluko Giza Eskubideen Komisarioak gaixotasun mentaleko osasun-zerbitzuak premiaz aldatu daitezen eskatu du, giza eskubideen arloko betebehar gisa


Izurriak eta horren kontra hartutako neurriek buruko osasunari ikaragarri eragin diotenez gero, batez ere talde jakin batzuetan (adinekoak, haur eta nerabeak, emakumeak, desgaituak,, LGBTIak eta migratzaileak), Europako Kontseiluko Giza Eskubideen Komisarioak erabateko aldaketa eskatu du osasun mentaleko zerbitzuetan.

Komisarioaren ustez, zerbitzu horiek erabilgarriak, eskuragarriak eta behar bezalako kalitatekoak izan behar dute, eta giza eskubideen eta erabiltzaileen parte-hartzearen ikuspegitik begiratuta gauzatu behar dira. Horrela, bereziki garrantzitsua da Desgaituen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmena, gaitasun juridikoa aitortzeko eta bizimodu independente eta komunitarioa izateko eskubideak bermatzen baititu. Komisarioaren iritziz, hitzarmen horretan oinarritu behar du osasun mentaleko zerbitzu orok, eta edozein aldaketa egitean, osasun mentaleko zerbitzuen erabiltzaile gisa eskarmentua duten pertsonek hartu behar dute parte.

Komisarioak eskatu du, lehenik, arreta eskain diezaiotela osasunean eragina duten gizarte-alderdiei, hala nola gizarte-babesari, bizi-baldintzei, eta laneko edo hezkuntzako inguruari, osasun mentalerako oso garrantzitsuak direlako.

Era berean, Komisarioak eredu instituzionala baztertu eta eredu komunitariora igaro dadin eskatu du. Horretarako, ospitaleratze berriak atzeratzea eta ospitale psikiatriko handiak ixtea iradoki du. Horien ordez, beste eredu bat proposatu du, gizarteratzea sustatuko duena eta tratamendua eta laguntza psikosoziala jasotzeko aukera ugari emango dituena.

Gainera, tratamenduek pazienteen jakinaren gaineko baimenean oinarritu behar dute, eta pazienteek baliabide eraginkorrak izan behar dituzte osasun-agintariek beraien tratamenduez hartzen dituzten erabakiak aurkaratzeko. Komisarioak behartze-bidezko jarduera oro baztertzea aldezten du, adibidez, norberaren borondatearen kontrako barneratzeak eta medikazioa, edo ibilgetzeak. Haur eta nerabeen kasuan bereziki, baztertu egin behar dira instituzionalizazioa eta medikazioa, eta arreta goiztiarreko zerbitzuak eskaini, erraz eskuratzeko modukoak eta ez inbaditzaileak.

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad