GIZARTE-LARRIALDIETARAKO LAGUNTZEN BATERAGARRITASUNA DIRU-SARRERAK BERMATZEKO ERRENTA ETEN ETA IRAUNGITZEAREKIN


ARARTEKOAREN 3/2020 GOMENDIO OROKORRA
Vitoria-Gasteiz

Arartekoak arazo larri bat aztertu du gomendio orokor batean, gizartean baztertuta eta kalteberatasun egoeran dauden pertsonei eta familiei eragiten diena.

Pertsona horiek prestazio ekonomikoak eskatzen dituzte beren udaleko gizarte-zerbitzuetan, baina haietan adierazten zaie gizarte-larrialdietarako laguntzak (GLL) ukatu egingo zaizkiela, diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) jasotzeko baldintzak betetzen dituztelako, kontuan hartu gabe prestazio horiek kudeatzen dituen erakundeak, hau da, Lanbidek prestazioak eten edo iraungi dituen. Halaber, dirudienez, ez dira kontuan hartzen ez etenduren iraupena, ez DSBE eskaerei ezarritako epean ez erantzutea, ezta ere prestazioa eten edo iraungitzeari buruzko errekurtsoa ebatzi gabe egotea ere.

Arartekoak egiaztatu zuenez, pertsonek erantzun desberdinak jasotzen zituzten bizi ziren udalerriaren arabera. Horregatik, ofiziozko jarduera bat hasi zuen eta laguntza eskatu zion EAEko udalen ausazko lagin bati (hiru lurralde historikoetako tamaina eta ezaugarri desberdineko 21 udali). Arabako Foru Aldundira ere jo zuen, izan ere, Arabako udalerri guztietan prestazio horiek kudeatzeko eskumena eskuordetuta dauka, Gasteizen, Amurrion eta Laudion izan ezik.

Horri esker, antzemandako arazoaren azterketa zehatz eta zorrotza egin ahal izan da, bai ikuspegi juridikotik, bai EAEko udaletako gizarte-zerbitzuek burutzen dituzten eginkizunen ikuspegitik begiratuta, eta udalei hainbat ondorio azaldu eta gomendioak egin ahal izan zaizkie.

Txostenaren bukaeran, euskal udalei gomendatu zaie GLL eskaerak izapidetzen dituztenean, banan-banan egiazta dezatela ea beharrizan-egoera benetakoa eta premiazkoa den eta ea laguntza horiek egokiak diren egoera horri aurre egiteko, adingabearen interes gorena aintzat hartuta.

Orobat, eskatu die GLL eskaerak balioestean ez dezatela aintzat hartu DSBEaren etetea edo iraungitzea, ezta EPOaren iraungitzea ere.

Gomendio horiek kontuan hartu beharko lirateke etorkizunean araudia aldatzean, prestazio ekonomikoen arteko bateragarritasuna argitzeko, segurtasun juridikoaren eta lurraldeen arteko orekaren onerako.
Era berean, Arartekoak berriro adierazi du koordinazio erraz, azkar eta eraginkorra behar dela udaletako gizarte-zerbitzuen eta Lanbideren artean, pertsonei arreta integratu eta sektore artekoa eman diezaieten beren gizarte-bazterketako ibilbidean.

Azkenik, Arartekoak ohartarazi du bizitzeko edo ostatu hartzeko diru-sarrerarik ez duten pertsonak artatzeko orduan, udaletako gizarte-zerbitzuek zailtasunak dituztela beren benetako zeregina (gizartean esku-hartzea) burutzeko, zeregin hori batez ere elkarrekintzarekin eta gizarteratzen laguntzearekin lotuta dagoelako.

Are gehiago Sars-Covid-19 koronabirusak sortutako osasun-krisian onartu diren neurrien eraginaren ondoren, horrek agerian jarri baitu oso garrantzitsua dela udalek gizarte-zerbitzu sendo, bizkor eta hurbilak izatea pertsona eta familia kalteberenak artatzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 19a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Gizarte-larrialdietarako laguntzen bateragarritasuna diru-sarrerak bermatzeko errenta eten eta iraungitzearekin. Gizarte-larrialdietarako laguntzen bateragarritasuna diru-sarrerak bermatzeko errenta eten eta iraungitzearekin.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad