INGURUMENAREN MUNDUKO EGUNA DELA ETA, ARARTEKOAREN ERAKUNDE-ADIERAZPENA


Planetaren aldaketa bultzatuko duen birsorkuntza

2021eko ekainaren 5a


Vitoria-Gasteiz

Ekainak 5 egun dituen honetan, Ararteko erakundeak bat egin nahi du Ingurumenaren Munduko Eguna ospatzearekin. 2021ean, planeta osoko ekosistemen narriadura prebenitu, geldiarazi eta lehengoratzeko lanean jarri du arreta. Oraingoan, aukeratu den goiburuak ("berrirudikatu, berreskuratu, lehengoratu") Nazio Batuen hamarkada baten hasiera adierazten du, zeinean lan egingo baita kontinente eta ozeano guztietan ekosistemen narriadura lehengoratzeko. Horrela, pobrezia desagerrarazi nahi da, klima-aldaketaren kontra borrokatu, eta espezieen desagertze masiboari aurrea hartu.

Horren gainean, Arartekoa bat dator Nazio Batuen hausnarketa honekin: ez da narriaduraren aurrean geldi geratzeko garaia. Ezin dugu suntsitutakoa aldatu, baina, aldiz, hazia erein dezakegu basoak zuhaitzez berritzeko, gure hiriak berdatzeko eta gure lorategiak birlandatzeko.

Nazioarteko egun honetan begirada globalaren erronkari erantzuteko, Arartekoak aukera hau baliatu nahi du arreta gure inguru hurbilenean jartzeko. Bertako testuinguru horretan, Euskal Herriko ekosistemak birsortzen jarrai dezaten eskatzen die botere publikoei. Azpiegitura berdeek, esaterako, basoek, beren hedadura eta elkarrekiko lotura areagotu behar dituzte, orain dagoen biodibertsitatea babesteko eta berreskuratzeko. Arlo horretan, Arartekoak aurten gomendio orokor bat egin du ingurumen-kontrola hobetu dadin, elektrokuzioa eta hegazti-faunaren talkak saihesteko.

Bestalde, ibai eta eremu hezeetako ekosistemak, iraganean bereziki andeatuak, orain birsortzen eta Euskal Herriko paisaietan txertatzen hasi dira. Bide horretan irmo eta printzipioen arabera jokatu behar da isuri kutsatzaileen kontra borrokatzen. Ararteko gai horri buruzko gomendio orokor bat egin zuen 2020an; bertan, zenbait proposamen azaldu zituen Euskal Herriko ibaietan baimenik gabeko isuri kutsatzaileak kontrolatzeko.

Azken hamarkadetan ezin eztabaidatuzko aurrerapenak egiten ari dira Euskadiko herri askotako hiri-inguruko ingurumena hobetzeko.

Gure ekosistemak babestu eta lehengoratzeko lan horretan, Arartekoak nabarmendu nahi du zer-nolako balioa duen herritarrak, banaka edo elkarteen bidez, ingurumen arloan egiten ari diren kontzientziazio- eta salaketa-lanak. Herritarren eginkizun hori bermatzeko asmoz, Arartekoak euskal administrazio publikoei eskatu die bizkor eta modu egokian susta eta berma dezatela ingurumen arloko informazioa jasotzeko eskubidea, baita ingurumen-gaietan parte hartzeko eskubidea ere. Horretarako, erakunde honek euskal botere publikoei adierazi die interesgarria izango litzatekeela ingurumen-eskubidearen urratzeak salatzen laguntzen duten pertsonei esker on handiagoa erakustea, interes publikoa babesten lan goresgarria egiten dutelako.

Ingurumenaren Munduko Egun honetan onartu behar dugu dagoeneko sortu dela naturarekin adiskidetu daitezkeen pertsonen belaunaldia, klima-hondamendiaren, kutsaduraren eta biodibertsitatea galtzearen aurka. #BerreskuratzekoBelaunaldiak bultzatuko du jada hasita dagoen aldaketa. Beraien garaia da. Gure garaia da.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 4a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad