JARDUNALDIA: "PERTSONAK ARDATZ DITUEN EUSKAL ESPETXE-EREDUA"



Vitoria-Gasteiz

Espetxe arloko gizarte-erakundeen sareak (ESEN: Espetxe Sarea Euskadi Nafarroa) jardunaldi bat egin du gaur Gasteizen, pertsonak ardatz dituen euskal espetxe-ereduaren gainean.

Sare hori Espetxe Inguruko Erakundeen Estatuko Sarean (ROSEP) sartuta dago eta bere baitan hartzen ditu zigor eta espetxe eremuan nolabait esku hartzen duten gizarte-erakunde guztiak. Zigor eta espetxe arloa tratatzeko orduan, ardatz hartzea proposatzen du pertsona bera eskubideen jabe denez eta birgizarteratzeko dituen aukerak.

Topaketaren hasiera-ekitaldian, bizi dugun une gogoangarria aipatu du Manuel Lezertua arartekoak, izan ere, datorren urrian, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bere gain hartuko du espetxeen eta birgizarteratzeko zentroen antolaketa, araubidea eta jarduna kudeatzeko ardura, baita espetxe arloko legeria betearaztekoa ere.

Haren esanean, Arartekoak beti betebehartzat jo duela egungo zigor-sistemari buruzko gogoeta bultzatzea, legeak erakunde honi eman dion zereginetako bat (giza eskubideen aldeko kultura zabaltzea) betetzeko.

Azkenik, Lezertuak adierazi duenez, "aukera paregabea dugu denok elkarrekin itsasontzi berean arraun egiteko, presoak birgizarteratzeko eta gizartean txertatzeko Europan eta nazioartean dituzten giza eskubideen estandar gorenen araberako espetxe-sistema gauzatzeko".

Jardunaldi horretan Roberto Morenok ere parte hartu du, Arartekoko justizia eta espetxeratuen arloko koordinatzailea baita.

Vitoria-Gasteiz, 2021ko maiatzaren 28a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad