Muturreko pobreziaren arloko NBEko Kontalari Bereziak Europar Batasunari ohartarazi dio aldatu egin behar dituela pobreziaren kontra borrokatzeko dituen politikak


Muturreko pobreziaren arloko Nazio Batuetako Kontalari Bereziak Europar Batasunera bisita egin du bi hilabetez, pobreziaren kontra borrokatzeko dituen politikak aztertzeko. Bisita amaitutakoan, Kontalariak Batasunari adierazi dio aldaketa sakonak egin behar dituela politika horietan, baldin eta pobrezia benetan desagerrarazi nahi badu.

Bisitari buruzko azken komunikatuan, Kontalariak gogorarazi du EBn bost lagunetik bat pobrezia jasateko arriskuan dagoela, hau da, 92 milioi lagunetik gora daudela egoera horretan. Horietatik 19 milioi haurrak dira, eta pobreziak beste talde batzuk baino biziago eragiten die emakumeei eta guraso bakarreko familiei. Orobat, Kontalariak adierazi du 2009az geroztik EBko estatu kideek gutxiago inbertitu dutela gizarte-babesa, osasuna edo hezkuntza bezalako arloetan, eta horiek funtsezkoak direla pobreziaren kontra borrokatzeko.

Kontalariaren iritziz, Europar Batasunak garrantzi handiagoa eman behar die gizarte-politikei politika makroekonomikoen aurrean, eta politika horiek askoz gehiago bideratu behar ditu pobrezia desagerrarazteko helburua lortzera. Horretarako, eskubide sozialak indartu behar dira, oso ahul baitaude Europar Batasuneko Zuzenbidean eta politiketan, izan ere, soilik aukerako printzipio, jomuga edo helburutzat hartzen dira. Gainera, EBk pobreziaren aurkako estrategia bat behar du, helburu zehatzak eta nahitaezkoak finkatuko dituena, eta horiek betetzen ote diren aztertu eta neurtuko duena. Horren haritik, kritikatu du EBko herrialdeetako suspertze- eta erresilientzia-planek ez daukatela zertan gizarte-kohesiorako erabili osasun-krisialditik indarberritzeko jasoko dituzten funtsen ehuneko jakin bat, baina, aldiz, nahitaez gutxienezko ehuneko batzuk erabili behar dituztela digitalizaziorako edo ekonomia berderako.

Azkenik, Kontalariak adierazi du zerga eta gizarte arloak bateratzea sustatu behar dela EBko herrialdeen artean, elkarren arteko lehia bultzatu beharrean, izan ere, herrialdeak lehian aritu dira zergak eta laneko kostuak gero eta txikiagoak izateko, eta horrek gizarte-babes eskasagoa ekarri du berekin. Horren ondorioz, herrialdeek pobreziaren kontra borrokatzeko politiketarako oso garrantzitsuak izango ziratekeen baliabide fiskalak galdu dituzte.

Hemen argitaratuta dago bisitaren azken komunikatuaren laburpena, gaztelaniaz.

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad