NBEko Desgaitasunen bat duten Pertsonen Eskubideen Batzordeak Espainia kondenatu du hezkuntza inklusiboa ez emateagatik


Nazio Batuen Erakundeko Desgaitasunen bat duten Pertsonen Eskubideen Batzordeak adierazi du Espainiak ez zituela errespetatu Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioko hainbat artikulu, erabaki baitzuen hezkuntza bereziko zentro batean eskolaratzea ikasle bat, gurasoek eskatzen zuten moduan zentro inklusibo batean izan beharrean. Erabaki hori hezkuntzako beharrizanak eta umeak behar zituen arrazoizko egokitzapenak behar bezala ebaluatu barik hartu zen, eta gurasoak ez ziren aintzat hartu. Gurasoek ordura arteko ikastetxearen aurka aurkeztutako diskriminazio eta tratu txarren alegazioak ere ez zituzten behar bezala ikertu. Horiek ez ziren kontuan izan eskolaratzeari buruzko erabakia hartzean. Gainera, Fiskaltzak gurasoak salatu zituen uko egin ziotelako adingabea esleitu zitzaion hezkuntza bereziko zentrora eramateari.

Batzordeak, gainera, errepikatu egin ditu Espainiari buruzko aldizkako txosteneko ondorioak. Horietan adierazten da ez dela apenas aurrerapausorik egin hezkuntza inklusiboaren arloan. Estatuari gomendatu dio adingabea benetan inklusiboa den lanbide heziketako programa batean eskolaratzeko, eraginkorki ikertzeko tratu txarren alegazioak, umearen eskubideen urraketak aitortzeko eta ekonomikoki konpentsatzeko. Hezkuntza inklusiboa ezartzen dela ziurtatzeko neurri orokorrak hartzea ere gomendatzen da.

Iturria: Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioa
 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad