Arartekoak kexa asko jaso ditu hainbat atzerritarrek nekez bete dezaketelako euskal herri administrazioek (batez ere Lanbidek eta udal batzuek) kudeatzen dituzten prestazio ekonomikoak eskatzean jartzen zaien baldintza bat: hain zuzen, jatorrizko herrialdean ondasunik ez dutela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztea. Hori egitea oso zaila edo ezinezkoa da kasu batzuetan.
Eskakizun hori arrazoi honetan oinarritzen da: gizartean, zalantzan jartzen da etorkinek beren jatorrizko herrialdeetan ondasun higiezinak eta baliabide ekonomikoak izango ote dituzten, eta, hala ere, euskal administrazio publikoei laguntza ekonomikoak eskatzen dizkieten. Uste horrek ez du inolako oinarririk orain eskura dauden migrazio-mugimenduez dauden informazioaren eta azterlanen argitan, ezta ere logikazko edo arrazoizko irizpideen arabera. Migrazio-desplazamenduetan ezkutatzen diren benetako egoera larriek ziurtagiri hori eskatzea egokia ote den sakon hausnartzera behartzen gaituzte.
Gomendio horretan, Arartekoak ezarri beharreko esparru juridikoa aztertu du eta ondorioztatu du araudian aurreikusita dagoela prestazio ekonomikoak eskatzen dituzten pertsona guztien ondasun eta baliabide ekonomikoak zenbatzea, baliabide ekonomiko nahikorik ez izatearen eskakizuna betetzen den argitzeko. Hala ere, araudi horretan ez da ezartzen zer agiri zehatz aurkeztu behar den horretarako.
Euskal administrazio publikoek ikuskatu egin behar dute, jakina, ea betetzen diren prestazio ekonomikoak jasotzeko baldintzak, legezko eta etikazko betebeharra baita.
Horren haritik, gerta daiteke interesdunak emandako agiriak aztertu ondoren, ziurtagiri hori eskatu beharra dagoela iriztea. Kasu horietan arrazoizkoa litzateke hori egitea, baina eskaera gehienetan, aurkeztutako agiriak aztertzean kalteberatasun egoerak jarriko dira agerian, eta agiri horiek zehatz-mehatz eta zorrotz aztertu eta gero, ondorioztatu ahal izango da, bide logiko eta arrazoizkoen bitartez, ez dagoela baliabide ekonomiko eta ondasun nahikorik.
Gizartean baztertuta daudenei eskatzen zaie ziurtagiri hori, beste frogabide batzuk aintzat hartu gabe eta DSBEa edo GLLak jasotzeko eskubidea izateko ezinbestekoa ez izan arren (ez baita conditio iuris baldintza). Horregatik, erakunde honek hausnarketa eragin nahi du ziurtagiri hori eskatzearen egokitasunaz edo arautzaileak ez diren nazioarteko akordioak sinatzeko aukeraz, Nazioarteko Hitzarmenei eta beste Akordio batzuei buruzko Legea ezarriz.
Gogoeta eta ondorio horiek orain indarraldi luzeagoa dute, SARS-COVID 19 koronabirusaren hedapenak sortu duen osasun-krisiko egoera honetan, horrek areagotu egin baititu jatorrizko herrialdeetan agiriak eskatu eta lortzeko arazoak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 15a
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK | |
Gomendio orokorrak | |
![]() |
Prestazio ekonomikoen titularra izateko, jatorrizko herrialdean baliabide ekonomikorik ez izatearen ziurtagiria aurkezteko eskakizunaz hausnartu behar da |