Amaitu dira Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXVII. Jardunaldiak
Herriaren defendatzaileen programa-adierazpen bat irakurrita gaur amaitu dira Arartekoak Gasteizen antolatutako Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXVII. Jardunaldiak. Defentsa-erakundeen lana administrazio onerako eskubidea sustatzeko izenburuarekin hainbat arlotako adituek eta defentsa erakundeetako langileek hitzaldiak eskaini dituzte eta hainbat mahai-ingurutan parte hartu dute.
Jardunaldia hasteko mahai-inguru bat egin da administrazio onak integritate-sistemen ardatz gisa duen dimentsio etikoari buruz eztabaidatzeko. Mahai-inguru horretan Gianluca Espositok, Europako Kontseiluko Giza Eskubideen eta Zuzenbide-Estatuaren zuzendari nagusiak eta Galiziako Valedora Do Pobo eta Gaztela eta Leongo Procurador del Común erakundeetako ordezkariek hartu dute parte.
Gainera, 12 eta 16 urte bitarteko 6 gaztek dokumentu bat aurkeztu dute gazteen ikuspegitik administrazio ona lortzeko hobekuntza-iradokizun zehatzekin. Gazte horiek Andaluziako, Kanarietako, Kataluniako eta Arartekoaren Nerabeen Kontseiluetako ordezkariak dira eta ekainean ere bildu ziren gazteak administrazioarekin nola erlazionatzen diren hausnartzeko.
Neska-mutil hauek, funtsean, euren iritziak entzutea eta kontuan hartzea eskatzen dute, batez ere euren intereseko gaiei buruzko erabakiak hartzerakoan. Gai horien artean daude, besteak beste, hezkuntza, espazio publikoa, aisialdirako guneak edo osasun mentaleko zerbitzuetarako sarbidea.
Defendatzaileek aurkeztutako programa-adierazpenaren arabera administrazio onak herritarrak administrazio publikoen jarduketen erdigunean jartzea eskatzen du eta azpimarratzen du zerbitzari publikoek enpatiaz eta gizarte-sentsibilitatez jokatu behar dutela.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 30a