Arartekoak amaitu du jarduera bat, Osakidetzak aldatu egin baititu diabetesa kontrolatzeko gailu bat finantzatzeko irizpideak

Arartekoak izapidetzeko onartu zuen 81 urteko emakume baten kexa. Kexagileak 2 motako diabetesa du eta, duela urte batzuk geroztik, egunean gutxienez 3 aldiz intsulina injektatu behar du eta bere glukosa maila kontrolatu behar du, izan ere, bat bateko igoera eta jaitsierengatik, beharrezkoa izan daiteke elikagaiak hartzea, azukre mailak orekatzeko.

Hainbeste ziztaden ondorioz, hatzetan ia ez dauka sentiberatasunik, eta horrek eragina dauka egunero egiten dituen gainontzeko jardueretan, besteak beste, desgaitasun larria duen 91 urteko senarra zaintzea.

Egoera horren aurrean, flash izeneko monitorizazio-sistema bat erostea erabaki zuen. Sistema hori egokia da likido interstizialeko glukosa mailak neurtzeko, eta, horrela, ziztadak saihesten ditu.

Gailu horrek 60 euro inguru gastarazten zion 14 egunean behin, eta gastu hori handiegia zen berarentzat, hilero 600 euroko pentsioa jasotzen duela kontuan hartuta.

Kexagileak bazekien Osakidetzak finantzatzen diela gailu hori 1 motako diabetes mellitusa duten paziente gazteei, nahiz eta orratzez egiten diren ohiko probek hatzetan antzeko lesioak eragiten dituzten kasu batean zein bestean.

Gurutzetako ospitalean erreklamatu ondoren, Osakidetzak erantzun zion ez zuela aurreikusten sentsorea finantzatzea, ez adinaren irizpidearengatik, baizik eta diabetes motagatik.

2019an Osasun Sailak berak iragarri zuen Eusko Jaurlaritzaren webgunean gailu hori bere zerbitzu-zorroan sartu zuela, eta hori “hobekuntza garrantzitsua zela diabetesa duten pertsonen bizi-kalitatean”.

Beraz, Arartekoak Osasun Sailari adierazi zionez, arrazoizkoa dirudi esatea paziente horien bizi-kalitatearen hobekuntzak pazienteen diabetes motarekin baino lotura handiagoa duela ziztada ugari eragiten dituen metodo bat baztertu ahal izatearekin.

Osakidetzak jakinarazi digu aldatu egin direla finantzatzeko irizpideak, paziente horrek orain betetzen dituela irizpide horiek eta berarekin harremanetan jarri direla bere anbulatorioan sentsore horiek jaso ditzan.

 

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 9a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2022IR-1886-21 Ebazpena, 2022ko apirilaren 8koa. Horren bidez, bere jarduketa amaitu du Osakidetzak diabetesa kontrolatzeko gailu bat finantzatzeari uko egin izana zalantzan jartzen zuen kexa bati dagokionez