Arartekoak Bilboko Udalari gomendatu dio epe barruan izapidetu ditzala informazioa eskuratzeko eskaerak, eta aktiboki elkarlanean aritu dadila Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearekin
Arartekoak izapidetzeko onartu zuen Uribitarte Anaitasuna auzo-elkarteak egindako kexa bat. Elkarteak Zabalguneko udal-aparkalekuari buruzko informazioa eskatu zion Bilboko Udalari, eta hark datu-taula baten bidez erantzun zion, ebazpen formalik eman gabe. Gero, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari (IPSEB) ere idatzi zion; hark onartu egin zuen elkartearen kexa, eta udalari eskatu zion eman zezala aparkalekuen itxaron-zerrendan zeuden Abando auzoko biztanleen zerrenda anonimizatua.
Arartekoaren iritziz, udalak ez zuen eskaera epe barruan eta behar bezala ebatzi, eta ez onartzeko arrazoi bat aipatu zuen epez kanpo, ustezko “informazioa berriz lantzean” oinarrituta, nahiz eta IPSEBek ordurako interpretatuta zuen elkarteak baliatutako eskubidearen mamia eta irismena. Era berean, azpimarratu du udalak prozeduran zehar ez ziola IPSEBi alegaziorik aurkeztu, eta horrek mugatu egin zuela bere defentsarako eskubidea, baita ere informazioa eskuratzeko eskubidea bermatzen duen organoarekin behar bezala lankidetzan aritzea.
Arartekoaren ebazpenak gogorarazten du informazio publikoa lortzeko eskubidea gardentasunaren, motibazioaren eta legeriak ezarritako epeak errespetatzearen printzipioen arabera gauzatu eta ebatzi behar dela, eta IPSEBek bere iritzia azaldu ondoren, haren edukiarekiko desadostasuna bide jurisdikzionaletatik bideratu behar dela, eta ez gai berari buruzko administrazio-ebazpen berrien bidez.
Beraz, erakunde honek Bilboko Udalari gomendatzen dio epe barruan eta arrazoitutako ebazpen baten bidez izapidetu ditzala informazioa lortzeko eskaerak, behar bezala justifika dezala eskaerak ez onartzeko edozein muga edo arrazoi, eta IPSEBen eginkizunak errespeta ditzala eta harekin aktiboki elkarlanean aritu dadila, haren ebazpenak betez edo legez aurreikusitako bideetatik aurkaratuz.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 30a