Arartekoak Bilboko Udalari gomendatu dio gardentasun-araudian ezarritako baldintzen arabera izapidetu ditzala informazio publikoa lortzeko eskaerak

Herritar batek udal aparkaleku bateko plazarekin zerikusia zuen arazo bat azaldu zion Bilboko Udalari. Sozietate pribatu batek kudeatzen eta ustiatzen du aparkaleku hori.

Kexagileak udal aparkalekuaren obra-proiektua eraikitzeko planoei buruzko informazioa eta agiriak eskatu zituen, baita ere aparkaleku hari zegokion ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagiria ere, horiek guztiek bere eskubideak defendatzea erraztu ziezaioketelako. Administrazioak erantzun ez zionez gero, herritarrak Arartekora jo zuen.

Informazio guztia aztertu ondoren, Arartekoak ebazpen bat eman du. Bertan adierazi duenez, baliteke eskatutako agiriak Bilboko Udalaren esku egotea; horregatik, eskaera hori aintzat hartu eta behar den moduan eta epean izapidetu behar du, gardentasun-araudian jasotako erregulazio bereziaren arabera. 

Era berean, udalari gogorarazi dio informazioa eskuratzeko mugaren bat edo eskaera ez onartzeko arrazoiren bat dagoela uste badu, hori berariaz eta neurriz arrazoitu eta justifikatu behar dela.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 30a