Arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiari gomendatu dio berma dezala adingabe atzerritarrak segurtasunez eta duintasunez hartzen dituztela premiazko harrera-programan

Herritar batzuek 2021eko azken egunetan egindako kexa batean, Arartekoak informazioa jaso zuen Viveroko egoitza-baliabidean zeuden baldintza eskasei buruz. Egoitza hori Galdakaon dago (Bizkaia), familia-erreferenterik ez duten adingabe atzerritarrei ematen die ostatu eta abenduaren hasieran ireki zuten, Zornotzako (Bizkaia) lehen-harrerarako zentroan piztutako sutearen ondoren. Salaketan azaldutako egoera egiaztatzeko asmoz, Arartekoak ofiziozko jarduera bat hastea erabaki zuen; jarduera haren esparruan, hainbat bisita egin zituen zentro horretara, eta bilera bat aldundiko Haur Zerbitzuarekin, bere ustez bildu behar zen informazio guztia aztertzeaz gain.

Espedientea izapidetzean, erakunde honek jakin zuen foru zerbitzuak Zornotzako zentroa berriz irekitzeko asmoa zuela, lehen harrera egiteko aurrekoa ez bezalako eredu batekin eta erakunde kudeatzaile berri batekin. Babesik gabe dauden adingabeei (kasu honetan atzerritarrak dira) lehen harrera edo premiazko harrera egiteko programa egoki bat prestatzeko oinarrizkoentzat jotzen dituen elementuei heldu nahi izan die batez ere Arartekoek bere analisian eta, hortaz, bere ebazpenean, programa hori egoitza batean zein bestean burutu.

Horrela, Viveron azken urtean garatu zen lehen harrerarako programan izandako esperientziaren argitan, eta Zornotzako zentroaren bilakaera hainbat urtez aztertu ostean pilatutako ezagutzarekin, Arartekoak gomendio bat egin dio Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailari, funtsezkotzat jotzen dituen bi gai azpimarratuz:

1. Objektibatuta dago lehen harrerarako programa aldi luzeetan modu iraunkorrean gainokupatuta egon dela, eta, beraz, gutxitu egin direla mutiko horiekin esku hartzeko baliabideak (materialak eta hezkuntza-arreta). Egoera horren aurrean, Arartekoak berriro helarazi du 2018an egindako gomendioa: alegia, berma dadila adingabe atzerritarrak Euskadiko babesik gabeko haurrentzako baliabideak erregulatzen dituen araudian ezarritako segurtasun- eta duintasun-baldintzetan hartuko dituztela.

Horretarako, alde batetik, programa hori garatzeko zentroan berriro gainokupazio-egoerarik ez dela sortuko bermatu behar da; eta, bestetik, baliabide nahikoak eta antolaketa eraginkorra izango dituen sistema bat antolatu behar da, eskaera handiagoko aldiei aurre egiteko neurriak bizkor aktibatzea ahalbidetuko duena.

2. Ez dago baliabiderik portaera-arazoak edo portaera-arazo larriak dituzten nerabeentzako espezializatutako programa bat garatzen duenik. Gabezia horrek eragina izan du lehen harreran, bertara bidali baitituzte jokaera disruptiboak zituzten eta sareko beste zentro batzuetan bizikidetza zailtzen zuten mutiko batzuk. Horrela, areagotu egiten dira bizikidetza-arazoak, erasoak eta mehatxuak, eta horiek egiaz zailtzen dute hezkuntzako esku-hartze integrala eta adingabe bakoitzaren premietara egokitutakoa burutu ahal izatea, izan ere, adingabeentzat inguru seguru bat behar da, ez bakarrik segurtasun materiala eta espazioetakoa, baizik eta baita ere segurtasun psikikoa eta emozionala.

Hortaz, Arartekoak gomendatu du programa espezializatu berriak gara daitezela portaera-arazoak edo portaera-arazo larriak dituzten nerabeentzat. Programa horiek hezkuntza-arreta handiagoa behar duten mutikoak artatzen dituztenez gero, hezitzaile gehiagoz hornitzen dira, baita gainontzeko programek ez dituzten berariazko beste neurri batzuez ere. Horien bitartez, mutiko horietako batzuen premia bereziei erantzun ahal izango zaie, eta, gainera, behar bezala osatu ahal izango da baliabide dibertsifikatu eta egokien sare bat, era askotako pertsonei erantzuteko.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 4a