Skip to main content
  • Pertsona batek Arartekora jo zuen, Bilboko Bide Nagusian bizi diren auzokideen elkarte batzuen izenean, udalak ez baitzuen esku hartzen eremu horretan egiten diren jarduera ludiko eta manifestazioen ondorioz pairatzen duten zarata kontrolatzeko.

    2023ko uztailean, kaltetuek esku hartzeko eskatu zioten Bilboko Udalari, zarataren ondorioz nozitzen dituzten eragozpenei erantzuteko. Adierazi zutenez, eremu horretako musika-ikuskizunek behin eta berriz urratzen dituzte udal ordenantzak, 45 minutuko denbora-mugari eta anplifikadoreak erabiltzeari dagokienez. Horren ondorioz, zarata-legeriak baimendutako gehieneko mailatik gorako zarata-mailak jasaten dituzte beren etxebizitzetan. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiren Jauregiaren inguruan egiten diren elkarretaratze eta manifestazioek sortutako zarata-maila salatu zuten, parte-hartzaileek txilibituak, bozinak eta megafonia erabiltzen dituztelako.

    Auzokideen elkarteek hainbat proposamen zehatz helarazi zizkioten Bilboko Udalari Espazio Publikoaren Ordenantza aldatzeko, baita Udaltzaingoak jarduteko eta udalak berak zarata-araudia betearazteko irizpideak ere.

    Udalari laguntza galdegin ostean, hark txosten bat bidali zion Arartekoari, eta gogorarazi zion musika-ikuskizunen jarduerari buruzko araudia betetzen ez dela ikusten badute, herritarrek salaketa jar dezaketela Udaltzaingoan. Manifestazioek eta elkarretaratzeek sortzen duten zaratari buruz, uste du udal ordenantzatik kanpo geratzen dela eta Eusko Jaurlaritzari dagokiola manifestazioak egiteko baldintzak ezartzea. 

    Kexaren edukia aztertu eta gero, Arartekoak Bilboko Udalari gomendatu dio Espazio Publikoaren Ordenantza ezarriz, bitartekoak jar ditzala kaleko musika-emanaldiak kontrolatzeko, artistek bide publikoa erabiltzen dutenean, ezarrita dagoen gehieneko iraupena gaindituko ez dela berma dadin eta zarata-mugaren balioak bete daitezen. Manifestazioek eta elkarretaratzeek sortzen duten hots-eragina murrizteko, erakunde arteko lankidetza-tresna egokiak ezar ditzan ere eskatu dio, ekitaldi horiek gauzatzen direnean zarata arloko udal araudia beteko dela bermatzeko.

    EBAZPENA 

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 13a
     

  • Arartekoak jarduera bat hasi zuen ofizioz, eta Donostiako Udalari argibide gehiago eskatu zizkion hedabideetan zabaldu zen berri honen gainean: martxoan, Martuteneko eraikin batean etxegabe batzuk irtenarazi zituztela.

    Egunkarietako informazioaren arabera, Udaltzaingoak, Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak parte hartu zuten operazio batean, hainbat lagun identifikatu zituzten eta haietako batzuk Polizia Nazionalaren esku jarri zituzten, haien bizilekuaren administrazio-egoerarekin lotutako izapideak egiteko. Orobat, adierazi zen jarduera hura, ustez, segurtasun arrazoiengatik egin zela, eta eraikin hori kokatuta dagoen auzoko bizilagunek kexak eta salaketak egin zituztelako. Eraikineko pertsona gehienak etorkinak ziren eta bizitegi-bazterketa larriko egoeran zeuden.

    Hala ere, udalak emandako informazioaren arabera, jarduera haren helburua ez zen inor irtenaraztea, baizik eta eraikinean zeuden lagunak identifikatzea.

    Egoitza-bazterketa larriko egoeran dauden pertsonez egiten ari diren zenbaketek eta azterlanek erakusten dutenez, 2012tik etengabe gehitzen ari da Euskadin etxerik gabe bizi diren pertsonen kopurua, zehazki, Donostian. Beraz, badirudi jarduera isolatu horrek ez diola erantzuten aldez aurretik adostutako plan bati, non kontuan hartzen diren etxegabetasunaren arazoaren dimentsio anitzak. Horregatik, azpimarratu du udalerri horretarako osoko plan bat behar dela, eta koordinazio handiagoa -barnekoa nahiz kanpokoa- administrazioen eta inplikatutako eragileen artean.

    Arartekoak, bere gomendio orokorra egin zuenetik, pandemiaren ondoriozko konfinamenduaren ondoren, baita gomendioa betetzen den aztertu ostean ere, behin eta berriz adierazi du administrazio publiko eskudunek zenbait jarduera burutu behar dituztela.

    Arartekoak ondorioztatu duenez, abandonatutako eraikin horretan bizi ziren lagunak identifikatzeko asmoz poliziak egin zuen esku-hartzea, beste neurri batzuetatik bereizita, ez da mesedegarria etxegabetasunaren arazoari osoko erantzuna emateko. Horren ordez, plan eta programa estrategikoak benetan aplikatzea aldezten du, adibidez, lehen aipaturiko Egoitza Bazterketa Larriaren aurkako II. Euskal Estrategia (2024-2028) eta Herritartasun, Immigrazio eta Asiloko VI. Kultura arteko Plana (2022-2025). Horrela, arlo horretako edozein esku-hartzek bultzatzen ari diren politika publikoen koherentzia bermatu behar du, baita sistema publikoen eta administrazio eskudunen arteko koordinazioa ere.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 9a
     

  • Txileko Gobernuko Justizia Ministerioaren justizian eta gazteen birgizarteratzean espezializatutako “Revista Señales” argitalpen zientifikoaren azken edizioak (2024ko abendukoa), Arartekoak, 2024an, Txileko Justizia Ministerioarekin Txileko Gazteen Gizarteratze Sistema abian jartzeko prozesuan egindako lanaren berri ematen du (ikusi esperientzia horri buruzko albistea).

    "Txileko gazte-justiziaren erreforman zigor-arloko bitartekotzari buruzko sentsibilizaziorako nazioarteko lankidetza" izeneko artikuluan, Arartekoaren justizia-arloko arduradunak, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko akademiko batekin batera, Txileko Estatuari eskaini zion justizia errestauratiboari buruzko laguntza teknikoa jakinarazten da, Europar Batasunaren Eurosocial-Puente Programaren esparruan. Ekintza horiek Txileko gazte-sistema penalaren erreformaren esparruan garatu ziren, zeinak lehen aldiz zigor-arloko bitartekaritza espresuki jasotzen duen. Herrialdeko iparraldeko bost eskualdetan egindako jardueren helburu nagusia ikuspegi errestauratiboari eta gazte-justizian giza eskubideetarako duten potentzialtasunari buruzko sentsibilizazioa eskaintzea izan zen.

  • Arartekoak zamalanak egiteko eremuetako erabiltzaileei beharrezko baimenak beste bide batzuen bidez lortzeko aukera eman diezaiela gomendatzen dio Bilboko Udalari, hau da, gaur egun ezarrita dagoen aplikazio mugikorraren ordezko metodoen bidez. Ebazpen hau herritar baten kexa jaso ondoren jaulkitzen da; herritar horrek adierazi zuen ez zegoela ados salgaien hiri-banaketan aritzen diren ibilgailuetarako mugikorreko aplikazio bat erabiltzeko betebeharrarekin.

    Arartekoak informazioa eskatu zion Bilboko Udalari eta Udalak argudiatu zuen aplikazioa nahitaezkoa izatearen arrazoia teknologia mugikorrak erabiltzera ohituta dauden profesionalek erabiltzeko erraztasuna dela.

    Arartekoak zalantzan jartzen du aparkalekuen ordenantzan herritarrentzat ezarritako betebeharren argitasuna, eta adierazten du udal-araudiak ez duela esplizituki zehazten aplikazio mugikorra nahitaezkoa dela, bitarteko bakar gisa, eremu horietan aparkatzeko baimena lortzeko. Gabezia horrek segurtasun juridikorik eza eragin dezake eta kalte egin diezaieke herritarrek euren eskubideak eta betebeharrak argi eta garbi ezagutzeko duten eskubideari.

    Gainera, erakunde honek inposizio teknologiko horren oinarri diren irizpide teknikoak eta juridikoak berrikusteko eskatzen dio udalari, eta iradokitzen du irizpide horiek herritarren onurara bideratuta egon behar dutela, eta ez soilik kudeaketa administratibora. Arartekoak azpimarratzen du administrazio onak zerbitzuak erabiltzaileen beharretara egokitzea eskatzen duela, ez administrazioaren lehentasun operatiboetara.

    Beste alde batetik, ebazpena datu pertsonalen babesean ere zentratzen da; izan ere, aplikazioak erabiltzaileen gailu mugikorra geolokalizatzea eskatzen du eta horrek datu pertsonalen tratamendu bereziki babestua behar du. Arartekoak nabarmentzen du datu-bilketa hau Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren (DBEO) arabera aztertu behar dela eta Udalak bildutako informazioa bidezkoa den, egokia den eta gehiegizkoa ez den berrikusi behar duela. Ildo beretik, Arartekoak adierazten du aplikazioak administrazio elektronikoaren arloko lege-baldintzak bete beharko lituzkeela.

    Horregatik guztiagatik, Arartekoak Bilboko Udalari gomendatzen dio herritarrei argi eta garbi eta erraz eman diezaiela aplikazioaren erabilerari buruz dituzten eskubide eta betebeharren berri eta, aldi berean, aplikazio mugikorra erabili nahi ez duten edo erabili ezin duten erabiltzaileentzat alternatiba ez-elektronikoak ezartzea balora dezala. Azkenik, Udalari aplikazioaren datuak babesteko araudia berrikusteko eta araudi hori betetzen dela bermatzeko behar diren doikuntzak egiteko gomendatzen dio.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025ko urtarrilaren 7a

  • herritar batek Arartekoaren esku-hartzea eskatu zuen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpenarekin ados ez zegoelako. Ebazpen horren bidez bere bizikidetzako unitateari ukatu egin zitzaion bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarako eskubidea aintzatesteko eskaera. Kexagileak bizikidetzako unitate bat eratzen du bere bikotekidearekin eta biena den adingabeko seme batekin.

    Pertsona hauek nikaraguarrak dira eta nazioarteko babesa eskatu zuten. Nazioarteko babesaren eskaera 2020ko otsailean aurkeztu zuten. Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eskatu zuten unean nazioarteko babesaren eskatzaileak zirela eta eskaera hori izapidetzen ari zela egiaztatzen zuen agiria zuten, eta egoera hori etenik gabe urtebete baino gehiagoz mantentzen zutela egiaztatzen zuten.

    2023ko urtarrilean Lanbidek kexagileari jakinarazi zion ukatu egiten ziola bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa jasotzeko eskubidea, ez zuelako Espainian legezko eta benetako bizilekua izatearen eta gutxienez aurreko urtean bizileku hori etengabe eta era iraunkorrean edukitzearen baldintza betetzen. Lanbideren iritziz nazioarteko babesaren eskaerak ez du legezko bizileku hori edukitzerik egiaztatzen, interpretazio hori babesten duten erabaki judizialak, Arartekoaren ebazpenetan jasotzen direnak, gorabehera.

    Kexa izapidetu den bitartean erakunde honek jakin du bizikidetzako unitateko kideek aurkeztutako nazioarteko babesaren eskaera ukatu egin dela eta, ondorioz, bidezko errekurtsoa aurkeztu dutela epearen barruan, eta izapide horrek nazioarteko babesaren eskatzaile gisa dituzten eskubideak luzatu ditu. Horren ondorioz agiri-erregulartasun egoera egiaztatzen duen ziurtagiri bat dute. Guk daukagun informazioaren arabera bizikidetzako unitateko kideetako bat, aita, atzerritartasun-araubidearekin bat jaulkitako lan- eta egoitza-baimen baten titularra da, eta duela gutxi agiri horiek berritu egin zaizkio.

    Arartekoaren ustez, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren aintzatespena eskatzen duten bizikidetzako unitateko kide guztiek legeak ezartzen duen legezko eta benetako bizilekua egiaztatuta edukitzearen betekizuna betetzen zuten, nazioarteko babesaren eskaera izapidetzeko onartu baitzen.

    Horregatik, Arartekoak Lanbideri bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ukatzeko ebazpena berrikus dezala gomendatzen dio, kexagileak eta bere bizikidetzako unitateko kideek Espainian legezko eta benetako bizilekua izateko baldintza betetzen zutelako eta betetzen dutelako eta egoitza hori jarraian eta etenik gabe eskaera aurkeztu eta gutxienez aurreko urtean mantendu dutelako.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 19a
     

  • Donostiako bi herritarrek kexa bat aurkeztu zuten, Ertzaintzako patruila batek tratu desegokia eman ziela salatzeko. Ez hori bakarrik, 602 euroko zehapen-proposamen bat ere jaso zuten, ertzainei behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren izandako istilu batean. Gertakari horrek polizia-furgoi baten esku hartzea eragin zuen, bost ertzainekin.

    Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari informazioa eskatu ondoren, ondorioztatu du ertzainen jarrera eta egindako gorputz-arakatzea tratu iraingarritzat hartu ahal izan zirela, eta, hortaz, ez dagoela zehapen-proposamenerako legezko oinarririk, herritar horiek euren burua identifikatzeari uko egiteagatik.

    Sailari zuzendutako gomendioan, Arartekoak herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzea ezinbestekotzat jotzen du, eta, era berean,  administrazioak hizkuntza ofizialetan arreta emateko betebeharra duela gogorarazten du, bereziki testuinguru publikoetan. Erakunde horrek, halaber, polizia-arloko hizkuntza-trebakuntza indartzeko eskatzen du, eskubide-berdintasuna sendotzeko.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 18a

  • Abenduak 18 Arartekoak giza eskubideen unibertsaltasuna defendatzeko deia egiten du, Euskadi askotarikoa, orekatua eta kohesionatua eraikitzeko oinarria izan dadin. Pertsonen jatorria edozein dela ere pertsona guztiek, baldintza berdinetan, euskal gizartearen ongizate kolektiboari...
  • Berriki emandako ebazpen batean, Arartekoak Bilboko Udalari eskatu dio kendu dezala herritarren arretako bulegoetan administrazio izapideak egiteko nahitaez aurretiazko hitzorduaren hartu beharraren baldintza.

    Ebazpena egin zen herritar batek jarri zuen kexa baten ondorioz. Kexa horretan, herritarrak adierazi zuen ezin izan zuela izapide bat egin Deustuko Udaltegian, aurretiazko hitzordua hartzea derrigorrezkoa zelako (nahiz eta une horretan instalazio guztiak hutsik egon).

    Udalak, Arartekoari emandako erantzunean, baieztatu zuen aurretiazko hitzordua ez dela nahitaezkoa eta lehentasuna soilik ematen duela. Hala ere, Arartekoak baieztapen horren eta udalaren webgunean argitaratuta dagoen informazioaren arteko aldeak aurkitu zituen. Horrez gain, adierazi zuen aurretiazko hitzordua baldintza gisa jartzeak hainbat printzipio urratu zitzakeela, hala nola, hurbiltasun-printzipioa eta administrazio-araudian aitortzen diren eskubideak.

    Erakunde honek uste du aurretiazko hitzorduetarako sistema oro aukerakoa izan beharko lukeela eta ez litzatekeela oztopo bat izan beharko aurrez aurreko bitartekoen bidez zerbitzu publikoak eskuratzeko. Era berean, gogorarazi du administrazio publikoek administrazio onean eta herritarrei arreta eraginkorra ematean oinarritutako zerbitzua bermatu behar dutela. 

    Ildo horretan, herritarren arretarekin lotutako politika publikoak zorrotz ebaluatzeko beharra berretsi du Arartekoak, politika horiek herritarren benetako beharrei erantzuten dietela ziurtatzeko.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 16a
     

Vitoria-Gasteiz
Ararteko

Arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun Sailari eskatu dio ken dezala edozein izapide egiteko nahitaez aurretik hitzordua eskatu behar izatea, eta sistema hori borondatezko aukera gisa jar dezala

Herritar bati galarazi egin zioten errenta-aitorpenarekin lotutako izapide bat egitea, aurretik hitzordurik eskatu ez zuelako. Gainera, ez zuen erantzunik jaso hasieran egin zuen erreklamazioaren gainean. 

Arartekoaren ustez, aurretiazko nahitaezko hitzordua ezartzea ez dago justifikatuta interes orokorrari dagokionez, ez da oinarri juridiko argietan oinarritzen eta mugatu egin dezake herritarrek administrazioarekin aurrez aurre harremanak izateko duten eskubidea. 

Horregatik, erakunde honek gomendio bat bidali dio Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailari, ez dezan ezarri aurretiazko nahitaezko hitzordua edozein izapide aurrez aurre egiteko, batez ere administrazio-erregistroaren funtzioarekin lotutakoak.

Arartekoak gomendatzen du aurretiko hitzorduaren sistema aukerakoa izan dadin eta horren eskuragarritasunari buruzko informazio publikoa eman dadin, sistema hori aholkularitza espezializatua behar duten izapideetarako erabiliko dela bermatuz, baina zerbitzu publikoetara aurrez aurre joatea oztopatu gabe. Neurri horren bidez, berdintasunaren, hurbiltasunaren eta zerbitzu publiko onaren printzipioak betetzea bermatu nahi da.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 4a