Arartekoak Erandioko Udalari gomendatu dio osorik bete dezala Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak emandako ebazpena erakunde-bidaia batek eragindako gastuei buruzko informazioa eskuratzearen gainean
Herritar batek Arartekoari salatu zion Erandioko Udalak ez zuela bete Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen (IPSEB) 22/2025 Ebazpena.
Ebazpen hartan, IPSEBek eskatu zuen kexagileari eskura ziezazkiotela 2024ko urrian Saharara egin zen erakunde-bidaian funts publikoekin ordaindu ziren gastuen xehetasunak. Hala ere, herritarrak zioenez, IPSEBen ebazpena gorabehera, ez zuen jaso eskatutako informazio oso eta zehatza. Horregatik galdegin zion Arartekoari esku har zezan.
Ararteko erakundearen iritziz, udalak emandako erantzunak (bi kontzeptu orokorretara mugatua) ez du betetzen herritarrari aitortu zaion informazioa eskuratzeko eskubidearen edukia, ezta ere IPSEBek bere ebazpenean adierazitakoa.
Horregatik, Arartekoak bere gomendioan Erandioko Udalari gogorarazi dio epe barruan eta behar bezala izapidetu behar dituela informazio publikoa eskuratzeko eskaerak, eta horiek arrazoien bidez eta IPSEBen lana errespetatuz (eskubidea bermatzeko organo independentea denez) ebatzi behar dituela, herritarrek gardentasunean, kontu ematean eta gizartearen zerbitzura egon beharreko erakundeetan duten konfiantza indartzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 7a