Arartekoak gaitzetsi egiten du Pasai Antxoko krimen matxista
Arartekoak samin eta atsekabe handiz gaitzesten du Leonorren kontrako erailketa matxista, haren bikote ohiak tiroka bizia kendu baitzion ostiralean, Pasai Antxoko bere bizilekuan.
Matxismoaren ondoriozko krimen honek azalpenak eskatzen dizkigu gizarte gisa, eta kasu hori eta horren inguruabarrak zorrotz berrikustea eskatzen digu erakunde guztioi, honako hau ulertzeko: zergatik, Leonorrek salaketak egin arren, ezin izan duten emakume hori babestu eta ezin izan duten galarazi orain urte batzuk salatu zuen erasotzaileak azkenean bera hiltzea.
Arartekoak bat egiten du Leonorren seme-alaben, senideen eta lagunen saminarekin. Haiek, hemendik aurrera, erakundeek eman diezaieketen laguntza guztia jaso beharko dute, batez ere krimen horrek beren bizitzetan sortutako kaltea ahal den neurrian konpontzeko.
Erakunde honek jendaurrean salatzen du, berriro ere, matxismo hiltzaileak eragin guztiz kaltegarria izaten jarraitzen duela emakumeen bizitzetan, eta euskal gizarte osoari eta bere erakundeei eskatzen die irmoki konprometitu daitezela egiturazko gaitz horren kontra eta ideologia eta balio matxisten kontra borrokatzen, hiltzen duen indarkeriaren azken kausa baita.
Arartekoak bide horretan lanean jarraituko du, sendo eta modu nekaezinean, matxismoaren adierazpen guztiak salatzen eta emakumeen eta umeen giza eskubideak babesteko duen konpromisoa egunero berritzen, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 2a