Arartekoak Gasteizko Udalari gomendatu dio Udaltzaingoaren komisarietan aurrez aurre salaketak jartzeko aukera eman dezala, alferrikako inposaketarik gabe
Orobat, eskatu dio aurretiko hitzordua aukeran utz dezala, elektronikoki eta aurrez aurre nola funtzionatzen duen behar bezala jakinaraz dezala, baita ere zer kasutan ez den beharrezkoa erabiltzea
Arartekoak Gasteizko Udalari gomendatu dio berrazter dezala Udaltzaingoaren komisarietan herritarrei arreta emateko sistema, edonork salaketa aurrez aurre egin ahal izango duela bermatzeko, aurretiko hitzordua eskatzeak eragindako oztoporik gabe. Izan ere, herritar batek kexa azaldu zuen, ez baitzuen lapurreta bat salatzerik izan komisaria batean, hitzordurik ez zeukalako, eta Ertzaintzan salatzea erabaki zuen. Kexa horren harira egindako ikerketaren ondorioz sortu zen gomendio hori.
Arartekoak bere ebazpenean adierazi duenez, oraingo ereduak (aurretiko hitzorduaren bidez lehentasunezko arreta ematea) babesgabetasun-egoerak sor ditzake, batez ere premiazko egoeretan edo talde kalteberen kasuan. Gainera, udalaren web orrian argitaratutako informazioak sortzen duen nahasmendua deitoratu du, bertan ez baita behar bezala argitzen hitzordua nahitaezkoa den edo zer kasutan ez den beharrezkoa.
Erakunde honen ustez, salaketa bat jartzeko eskubidea, batik bat delitu zantzuak egon daitezkeenean, ezin da jarri aurretiko administrazio-izapide batzuen mende, hala nola hitzordu digitala edo telefono bidezkoa. Gogorarazi du salaketa funtsezko bidea dela biktimen eskubideak babestea aktibatzeko eta benetako babes judiziala bermatzeko. Era berean, nabarmendu du aurretiko hitzorduak aukera erabilgarria izan behar duela arreta planifikatu nahi dutenentzat, baina inoiz ez duela baldintza baztertzailea izan behar. Horrez gain, dagoen informazioa osatu dadin proposatu du, bai Interneten, bai komisarietan beretan, herritarrek argi jakin dezaten noiz eta nola salatu dezaketen, alferrikako oztoporik gabe.
Azkenik, Arartekoak azpimarratu du poliziei emandako barruko aginduek ezin dutela ordezkatu erregulazio publiko eta irisgarri bat, oinarrizko eskubideak baliatzea babesten duena. Horregatik, udalari eskatu dio gertutasun-printzipioa errespetatzen duten antolamendu-neurri proportzionalak har ditzala, herritarrei arreta hobea emanez eta aurretiko hitzordurik ez izateagatik inor babesik gabe geratuko ez dela ziurtatuz.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 13a