Arartekoak gomendatu du programa informatikoak erabiltzeko baldintza ken dadila Arabako Foru Aldundian aurrez aurre zerga-izapideak egiteko
Arartekoak gomendio bat igorri dio Arabako Foru Aldundiko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailari, eta eskatu dio ken dezala berariazko programa informatiko bat erabiltzeko baldintza ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioak egiteko, baldin eta autolikidazio horiek aurrez aurre ematen badira.
Gomendioak herritar baten kexan du jatorria. Izan ere, hura Arabako Foru Ogasunaren bulegoetara joan zen aurrez aurreko izapide bat egitera, baina aurretiaz programa informatiko baten bidez berariazko eredu bat deskargatu eta osatzeko eskatu zioten. Herritarrak, ezagupen informatiko nahikorik ez zeukanez gero, ez zuen izapidea egiterik izan, ezta besteren laguntzarekin ere. Horregatik, adierazi zuen ez zegoela konforme inposatze harekin. Administrazioak bere instalazioetan ordenagailu bat eskaini zion arren, herritarrak behin eta berriz adierazi zuen ez zeukala beharrezko gaitasunik hura laguntzarik gabe erabiltzeko.
Egoera aztertu ondoren, Arartekoari iruditu zitzaion eskakizun horrek herritarren eskubideak urratzen dituela, bereziki administrazio publikoarekin harremanetan jartzeko modua aukeratzeko eskubidea, batez ere gaitasun digital nahikorik ez duten pertsonak badira. Gainera, adierazi du ezarritako baldintza hori ez dagoela behar bezala justifikatuta lege mailako arau baten bidez, Auzitegi Gorenaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren oraintsuko jurisprudentziak eskatzen duen bezala, izan ere, auzitegi horiek azpimarratu dute administrazioek ordezko hautabide eskuragarriak eskaini behar dituztela, eta ez bitarteko elektronikoen nahitaezko erabilera inposatu sarbide-bermerik eta gaitasun digitalik izan gabe.
Hortaz, Arartekoak Arabako Foru Aldundiari gomendatu dio nahitaezkotasun hori ken dezala eta ordezko hautabide batzuk eskain ditzala, aurrez aurreko zerga-izapideak denentzat eskuragarria den moduan egin daitezen, eta, horrela, administrazio onerako eskubidea betez.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 17a